GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ainara LERTXUNDI | Kazetaria

Guantanamoko presoen garrasia

Badira hilabete luzeak Guantanamon atxilotuta dauden ehundik gora presok gose greba mugagabea hasi zutenetik. Koran liburu sakratuaren kontrako ankerkeria salatzeko hasi zuten protesta, baina asteak joan asteak etorri, pairatu behar dituzten giza eskubideen urraketen gainean arreta deitzeko bide bihurtu da gose greba. Zaila da hesi horien atzean benetan zer gertatzen ari den jakitea. Duela gutxi, zenbait kazetari gonbidatu zituzten Guantanamoko arduradunek. Atxiloketa zentroari nolabaiteko normaltasun itxura eman nahi zioten aldez aurretik prestatutako bisita horrekin. Patxada osoz, presoak beraien borondatearen kontra nola elikatzen dituzten azaldu zuen arduradun horietako batek. Lotzen dituzten aulkiari argazkiak ateratzea eta guzti baimendu zuten. Eskuak, hankak eta burua lotuta, erizain batek hodi bat sartzen die sudurzulotik edo eztarritik barrena. Hodi horretatik indarrez isuritako elikagaiak arnasa oztopatzen die presoei, itotzen ari diren sentsazioa eraginez. «Minutu gutxiko kontua da», argudiatzen zuen. Presoek, ordea, beraien nahiaren kontra elikatzeko prozesua oso mingarria dela nabarmendu dute Guantanamotik kanpo ateratzea lortu duten eskutitzetan.

Duela gutxi, Al Jazeera telebista kateari esker, Yonous Chekkouri edo Abdelhadi Faraj presoen salaketen berri izan dugu. Indarrez elikatzerakoan sentitzen duten minaz gain, miaketetan, ipurtzuloa ere begiratzen dietela azaldu zuten saminez.

Presoen jatorrizko herrialdeetan mobilizazioak egin dituzte tortura horiei amaiera emateko eta atxilotuak epaitzeko edo askatzeko eskatzeko. AEBetan ere antzerako ekimenak egin dituzte. Baina, Barack Obama presidenteak entzungor jarraitzen du, nahiz eta Guantanamo itxiko zuela esan.

Gose greba mugagabearen ondorioei buruz ezer gutxi dakigu. Batetik, ia daturik ez dagoelako, eta bestetik, jendartea nolabait ohitu delako hesi atzean laranja kolorez jantzitako presoak egotera. Batzuek hamaika urte baino gehiago daramate itxoiten, beraien aurkako kargurik egon ez arren. Bada garaia beraien ahotsa entzuteko eta eskubideak errespetatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo