GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

40 urte itsasoan igaro zutenentzako txaloak

Heldu sentitzen ziren haurrak besterik ez ziren, marinelak izatearekin amesten zuten mutikoak, baina atzean dena utzita itsasora joan ziren euskaldun asko. Iraganaz ari gara, atzokoa arrantzale guztien eguna izan bazen ere, gaur egun 70 urtetik gora izanik, lau hamarkada lanean jardun zirenak omendu zituztelako. Karmen eguna irribarrerako eta oroimenerako eguna da
p045_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Karmengo Amak jaiak ekarri ditu euskal kostaldeko hainbat herritara, eta hori ez da kasualitatea, arrantzaleen zaindaria baita. Fededun edo ez fededun, itsasoarekin harremana duten gehienek pozarren ospatu zuten atzoko eguna. Santurtzin eta Hondarribian itsasoan zendu ziren arrantzaleak oroitzeko prozesioak egin zituzten bitartean, Donostiako portuan ere jaiak ospatzen direnez, 70 urtetik gorako arrantzale eta saregile gipuzkoarrei omenaldia egiteko aprobetxatu zuten aukera. Aurten harrera ekitaldia San Telmo museoan egin dute. 120 pertsona izan ziren bertaratu ahal izan zutenak, beste asko gonbidatuta bazeuden ere.

Sasoian eta irribarretsu, aspaldian ikusi gabeko lagunak agurtzen zituzten etengabe. Inork ez luke esango askok 80 urte baino gehiago zituztenik, eta bakar bat ere ez kendu, gainera, oso harro baitaude bizi izan dutenaz. «86 urte ditudala esan dute, eta 87 ditut», komentatzen zuen arrantzale batek barrez lagun artean. Honako urteroko bilera aspaldiko lagunen topaketa bilakatu da jada. Horren adibide polit bat da Carlos Miranda eta Joxe Basterretxearena, lehena hondarribiarra eta bigarrena Mutrikukoa, biak ala biak gaztetxoak zirela itsasoratu eta soldaduska elkarrekin egin zutenak. Orain 76 urte dituzte eta liburu bat idazteko adina kontakizun buruan.

Miranda baserritarra da berez, baina bere etxea itsasotik gertu zegoen eta goiz hasi zen arrantzan. «16 urterekin joan nintzen itsasora, Pasaiara, ur handitako arrantza egitera. Beti izan nuen itsasoratzeko gogo bizi hori -kontatu zigun Hondarribikoak, haur baten berotasunarekin- Pasaian ontziratu, eta zerbitzu militarra egin arte hiru urte egin nituen arrantzan». Pasaiatik Ternuara joan zen bakailaoa harrapatzera, bertako baldintza gogorrak pairatuz. «Han izotz artean ibiltzen ginen 4-5 hilabetetan, eta behin 8 hilabetetako marea bat egin genuen. Hura oso latza zen, batez ere familiatik urrun geundelako». 1975 inguruan Ternua utzi eta Hondarribian hasi zen lanean, bisigutan, eta hor beste 22 urte eman zituen. Guztira ia 40 urte egin zituen itsasoan.

Basterretxea oraindik gazteago hasi zen lanean, 14 urte besterik ez zituela itsasoratzeko grinari jarraituz egin baitzen arrantzale. «Itsasora joan nahi nuen, eta bertan egon nintzen soldaduska egin arte. Alturako arrantzan lau urte egin nituen eta gero titulua atera eta makinista lanetan ibili nintzen Mutrikun, baxuran». Bere barku propioarekin kanpainaren bat egin zuen 60ko hamarkadan, baina ez zen ondoegi atera eta Mutrikura itzuli zen. 45 urteko ibilbidea zuela jubilatu zen. Denbora horretan izan zuen aukera une onak eta txarrak bizitzeko. «Barku bat galdu nuen, zoritxarrez, baina jendea salbu zegoen», aipatu zuen mutrikuarrak. Mirandak ere arrisku ugari gainditu behar izan zituen: «Ternuan naufragatu egin nintzen, eta barku batek jaso eta salbatu egin ninduen». Hala ere, argi dute une onak ere izan direla, eta euren irribarreetan nabari da hori. «Une onak ere pasatu ditugu, e? Mareak uste baino lehenago amaitzen genituenean etxera goiz bueltatzean edo barkuan lagunekin egotean», bota zuen Mirandak, «hori izan da gure bizimodua, eta orain elkartzen garenean pozik gaude!», azpimarratu zuen Basterretxeak.

Egun ere badira arrantzaleak, noski, eta une latzak ere jasan behar izaten dituzte itsasoaren indarra ezin delako aurreikusi. Naufragioak izaten jarraitzen dute egun ere, egun osoan edo hilabeteetan etxetik kanpo izaten diren gizon eta emakumeak, dendara joan eta arrain freskoa erosi ahal izan dezagun lanean aritzen diren arrantzaleak. Antzinako euskal marinelak omen ziren eskorbutoz gaixotzen ez ziren bakarrak, ura beharrean sagardoa edaten zutelako, eta sagarrak bitaminak dituelako. Garai batean, upelak bueltaka ibiltzen ziren ontziaren upeltegian; egun, botilak eramaten dituzte. Zertxobait aldatu da euren bizitza, baina denborak ezin izan du lanbide honen funtzionamendua gehiegi aldatu, kanpotik begiratuta behintzat. Arrantzale ohiek, ordea, indarrez ikasiak diren aiton-amona horiek egun ofizioa errazagoa dela uste dute. «Lehen kanpoan joaten ginen, orain eguraldia okertzen bada barruan sartu eta kitto!». Kasu egin beharko diogu, beraz, eskarmentuaren ahotsari.

Euskal kulturaren parte

Basterretxea eta Miranda beste lagun mordoxka batekin batera eseri ziren San Telmo museoko ekitaldi aretoan, alde batera eta bestera begira. Txistulariek egindako harreraren ostean, kostata lortu zuten antolatzaileek 120 eztarriak isiltzea, hain pozik zeuden denak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Roke Akizu Gipuzkoako Aldundiko Turismo Zuzendariak eta Bittor Oroz Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburuak hitz batzuk eskaini zizkieten omenduei, eta hauek irribarrez eskertu zituzten. Arrantzaleek euskal gizartean betetako papera azpimarratu zuten hirurek, baserritarrekin batera Euskal Herriko zurtoinik sendoena osatzen dutelako. «Ezin dut imajinatu Euskal Herria arrantzarik gabe -aipatu zuen alkateak- eta zorte handia dugu itsasoa hain gertu izateagatik, eta honek ematen digunaz gozatu dezakegulako». Era berean, penatuta sentitu zen donostiar asko, txikitatik itsasora begira egon diren arren, ur azpian gordetzen diren altxorrez jabetzen ez direlako.

Arrantzaleak, normalean, gizonak izan ohi dira, baina horrek ez du esan nahi arrantzan emakumeek garrantzirik ez dutenik. Instituzioetako arduradunek eta ondoren kantatu zuten bertsolariek oso presente izan zuten hori une oro. Gizonak doaz itsaso barrenera, baina itzultzen direnean etengabe aritzen dira lanean emakumeak, sareak josten. Lan hori ere kontuan izateko, portu bakoitzeko sari bat banatzeaz gain, emakume bat saritu zuten atzo, Maria Luisa Murgiondo oriotarra, 91 urtekoa. Baina lore sorta ez zuen berak jaso, bere senitarteko batek baino. Murgiondok ezin izan zuen Donostiara joan... Torremolinosen oporretan dagoelako! Ikusten zen, bai, arrantzaren inguruan heldutako pertsonak sasoi onean daudela. Itsasoko ura gaztetasunaren iturria ote?

 

Arrantzaleen eskubideen alde

Arrantzaleei eginiko harrera instituzionalean esker oneko hitzak nagusitu ziren, eta horien artean tonu serioago batean esanak ere izan ziren. Juan Karlos Izagirre alkateak 2012ko amaieran gauzatu zen Donostiako lonjaren itxiera gogora ekarri zuen. Arrantzaleen Kofradiak lonja bertan behera utzi behar izan zuen diru faltagatik, eta aurreko Lakuako Gobernuarekin hitzarmenik sinatzeko aukera izan ez zutelako. Orduan alkateak bere tristura plazaratu zuen esanez Donostiak «harribitxi bat» galduko zuela, eta atzoko agerraldian ere itxierarekin zertxobait deseroso agertu zen. «Zuen eskaerekin bat egiten dugu gure parte zaretelako eta kalitatezko produktuen alde egiten duzuelako beti -aipatu zuen- bati izango gara zuekin zorretan».

Diputazioko Turismo zuzendari Roke Akizuk ere arrantzaleen lana goraipatu zuen esanez pentsaezina dela portu bat arrantzalerik gabe, eta bertan daudenez gero itsas-paisaia osatzen laguntzen dutela, turismoa erakartzeko bide bilakatuz. «Beti bidelagun izango gaituzue».

Lakuako ordezkariak, Bittor Orozek, bere aldetik, arrantza politikak babesteko ahaleginak egiten ari direla aipatu zuen. Izan ere, Lakuak eta kofradiek Eusko Label bereizgarria bilatzeko deia egin zieten atzo kontsumitzaileei, horrela jakingo dutelako jaten ari diren arrain hori gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, artisau erara, antzinako tresneria erabiliz eta itsasoko flora eta fauna errespetatuz. N.B.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo