Baionako Gazte Asanbladak akordioa lortu du Udalarekin, gaztetxea sortzeko
Ainize BUTRON | BAIONA
Gazte Asanbladako hogei bat lagun elkartu ziren atzo Baionako Pasteur plazan, joan den larunbatean okupatutako eraikinaren aitzinean. Berriki bideratu okupazioa gogora ekartzearekin batera, ekimenari esker Lapurdiko hiriburuan gaztetxe bat «epe laburrean» sortzeko akordioa lortzeko aukerarekin «baikor» agertu ziren.
Herriko Etxeko ordezkarien bisita ukan zuten okupazioaren egunaren bukaeran, eta negoziazio «gogor» baten ondotik, «epe laburrean gaztetxe bat lortzeko akordio» bat lortu dutela jakinarazi zuten atzoko agerraldian. Gaur goizean, Udalarekin biltzekotan dira, beraz. Halere, ez zuten akordio horri buruzko informazio gehiagorik zabaldu nahi izan. Udalarekin harreman sendoagoak izatea itxarongo dutela adierazi zuten, zer-nolako akordioa den azaldu aurretik.
Berrehun lagun
Gaztetxea sortzeko Udalarekin bideraturiko negoziazioek aterabiderik ematen ez zutela ikusirik, Gazte Asanbladak ekintzara pasatzea erabaki zuen joan den larunbatean, eta Baionako auzitegiaren egoitza izandako eraikina, lau urte hutsik daramana, okupatu zuen. Era askotako animazioak proposatuz berrehun bat lagun elkartu zituen. «Urte bat eta erdiz, hainbat bilera egin genituen Herriko Etxeko arduradunekin, eta ez digute ez erantzun ez proposamenik egin», gogoratu zuten.
Gazte Asanblada duela bost urte sortu zen Baionan proiektu zehatz batekin: «Hiriko bizitza soziala eta kulturala dinamizatu». Hainbat ekimen antolatzen aritu dira lekuko elkarte ezberdinekin harremanetan jarriz.
Herrian gaztetxea izateko akordio bat adostear dira Udalarekin, beraz; baina urteroko animazioekin jarraituko du elkarteak. Eta, atzodanik, datorren uztailaren 24an hasiko diren herriko bestetarako hitzordua eman zuten. «Baionako bestetan zehar egitarau alternatiboa proposatuko dugu», esanez bukatu zuten.