GARA > Idatzia > Mundua

Borrokek hainbat frontetan jarraitzen dute Kongoko Errepublika Demokratikoan

Borroka gogorrek bere horretan jarraitzen dute Kongoko Errepublika Demokratikoan. M23 talde matxinoak erasoa egin du Goma hiriko iparraldean eta ADF taldeak eskualde bereko herri bat setiatu du.

p019_f02_148x092.jpg

GARA | GOMA

Kongoko Errepublika Demokratikoan, Gomako iparraldean, borrokak izan dira berriro M23 talde matxinoaren eta Armadaren artean. Armadaren helburua «M23 suntsitzea da», Olivier Hamuli Ipar Kivu eskualdeko bozeramaile militarraren esanetan.

Hamulik borrokak hainbat frontetan daudela adierazi zuen, baina arratsaldez egoera lasaiago zegoen. Gomako biztanle batek baieztatu zuen jada ez zirela entzuten goizeko obusen eztandak.

Bonbardaketak izan arren, M23ko indarrek posizioei eusten zietela esan zuen Yusuf Boneza koronelak talde horren izenean. Borrokak igandean hasi ziren Gomako iparraldean, Mutaho eta Kibati herrien inguruan. Hamuli koronelaren arabera, Gobernuaren indarrek aurrera egin dute eta Knayaruncinya igaro dute. NBE Nazio Batuen Erakundeko misioak (Monusco) base aurreratua du hiri horretan.

Kasko urdinak alerta egoeran

NBEk «kasko urdinak» alerta egoeran jarri ditu eta «beharrezkoak diren neurri guztiak erabiltzeko prest dago zibilak babesteko, indar armatua barne», ohartarazi zuen Martin Nesirky NBEren bozeramaileak. «M23 Gomara (Ipar Kivuko hiriburua) iristen saiatzen bada, zibilen aurkako mehatxutzat joko dugu», gaineratu zuen.

Joan den astelehenean 120 matxino eta 10 soldadu hil ziren borroketan, Kinshashako Gobernuaren esanetan. Bi aldeek borrokak hastea egotzi diote elkarri. Gobernuaren ustez, M23 taldea Ugandaren eta Ruandaren laguntza jasotzen ari da. Ruandako Gobernuak Kongoko Armadari mugako herriak bonbardatzea leporatu zion. Hamuli koronelak, berriz, ezeztatu egin zuen eta M23ren tiroketak izan zirela adierazi zuen.

Azarotik gertatutako borroka larrienak izan dira. Orduan, M23k Goman erasoa egin eta okupatu egin zuen. Otsailean Addis Abeban sinatu zuten hitzarmenaren arabera, atzera egin zuen eta Gobernuarekin elkarrizketa hasi zuen. NBEk Goma inguruan zituen indarrak gehitu zituen eta datozen asteotan ekin behar zion hainbat talderi armak kentzeko lanari.

Aldi berean, beste talde armatu batek, Fronte Demokratiko Aliatuak (ADF, ustez Al Qaedari loturikoa) Kamango herria setiatu du, Ipar Kivuko herrialdean hori ere. Eraso horren ondorioz, 66.000 lagun inguruk Ugandara ihes egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo