GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frantses Estatuari bake prozesuan urratsak egiteko eskatu diote Bilbon

Eragile sindikal, politiko eta sozialek elkarretaratzea egin zuten atzo frantses kontsuletxearen aurrean, euskal iheslarien atxiloketak salatzeko larunbatean Baionan egingo den manifestaldiarekin bat eginez, eta bide batez, Pariseko gobernuari elkarrizketarako deia egiteko.

p012_f01.jpg

Mikel PASTOR |

Euskal eragile sindikal, politiko eta sozialek elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilbon, frantses kontsuletxearen aurrean. Ekimen horrekin, alde batetik, atxikimendua adierazi diote larunbat honetan Baionan izango den manifestazioari -Bake Bidean-ek deitua, hiru euskal iheslari politikoren atxiloketak salatzeko-; eta bestetik, Pariseko Gobernuari eskatu diote blokeo eta immobilismo jarrerak alde batera utzi eta «behingoz» inplika dadila bake prozesuan.

«Errepresioa bukatu. Bake prozesua orain» zioen pankartaren atzean bildu ziren EA, Aralar, Sortu, Alternatiba, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Ikasle Abertzaleak, ESAIT, Herrira edota Sare Antifaxistako kideak, euri zaparradari aurre eginez.

LAB sindikatuko Sonia Gonzalezek hartu zuen hitza guztien izenean, eta lehenik eta behin, adierazi zuen bat egiten dutela Bake Bidean elkarteak larunbat honetarako, hilak 20, Baionan antolatu duen manifestazioarekin, helburutzat hartuta salatzea jada kalean aurkitzen diren Iokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillagaren atxiloketak, baita, horrenbestez, horien aurkako euroaginduak ere.

Gonzalezek gogor kritikatu zuen frantses Estatua Euskal Herrian abian den bake prozesuaren aurrean izaten ari den jarrera: «Hiru euskal iheslari hauen atxiloketak bereziki larriak dira; alde batetik, bizitza guztiz normalizatua egiten duten militanteen aurkako operazia delako, eta bestetik, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) elkarrizketarako izendatutako mintzaide bat, Iokin Aranalde, atxilotua izan zelako».

Gonzalezen ustez, atxiloketa hauek euskal iheslarien kolektiboak pasa den ekainaren 15ean egindako bake eskaintzaren aurkako «erantzun zuzena dira».

Zentzu horretan, elkarretaratzera deitu zuten eragile guztien izenean, frantses Estatuari engaiatzeko eskatu zion, «behingoz, Estatu espainolak aplikatzen duen estrategia errepresibo horren kolaboratzaile izateari utzi behar dio, ezin du estrategia horren konplize izaten jarraitu».

«Gatazka honek beraiekin zerikusirik ez duelako jarrera hori ezin dute mantendu -gaineratu zuen sindikalistak-, hau haiekin joango ez balitz moduan. Frantses Estatua gatazkaren parte zuzena da, eta hortaz, konponbidearen eta bakearen bide honetan inplikatu beharko da, duen ardura bere gain hartuz».

Atzokoaz gain, babes ugari jasotzen jarraitzen du larunbatean Baionako karrikak zeharkatuko dituen martxak. Alderdi ezberdinetako dozenaka karguk adierazi diote atxikimendua zitari, hala nola Jose Bove eta François Alfonsi eurodiputatuek, Jean Lassalle diputatuak, Alice Leyciaguecahar eta Martine Alcorta eskualdeko kontseilariek, Kotte Ecenerro kontseilari nagusiak, eta Ipar Euskal Herriko dozenaka auzapez eta hautetsik.

Bi euroagindu, irailean

Hiru euskal herritarren kontra Estatu espainolak eskatutako euroaginduen harira, erantzuna eman zuen Paueko epaitegiak. Iokin Aranalde eta Aitor Zubillagaren kasuetan, epaileak informazio gehiago eskatu dio espainiar justiziari. Orain, 10 eguneko tartea daukate auzitegi espainolek informazioa igortzeko, eta Paueko auzitegiak irailaren 10ean aztertuko ditu berriz eskaerak.

Ibon Fernandez Iradiren kasuan, aldiz, onartu egin ditu haren kontra zeuden bi euroaginduak, Estatu frantsesean duen zigorra bertan betetzeko baldintzarekin, Espainiaratua izan aitzin. Tribunalak ez du onartu defentsak osasun arrazoiengatik jarritako errekurtsoa.

Atzeratu diren bi erabakiei helduz, Zubillagaren kasuan, hasieratik izan dira arazoak, bera atxilotzeko agindua 2008koa zelako, eta aldiz epaitegian aurkeztu zutena 2013koa. Hortaz Pauek 2008ko euroaginduaren kopia originala eskatu du.

Aranalderen kasuan, epaileak Auzitegi Nazional espainolari eskatu dio iheslariari leporatzen dioten delituaren tokia zehazteko, koherentzia falta dagoelako gertakarien eta kalifikazioaren artean.

ATZERATUAK

Aitor Zubillaga eta Iokin Aranalde iheslari politikoen kasuan, Paueko auzitegiak euroaginduaren erabakia irailaren 10era atzeratu du, Estatu espainolari informazio gehiago eskatuz.

ONARTUA

Ibon Fernandez Iradi preso politikoaren kasuan, ordea, haren aurkako bi euroaginduak onartu ditu, baina Espainiaratu aurretik, Estatu frantsesak ezarritako zigorra bertan bete beharko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo