GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Santurtzi eta Bermeo, Madalen jaietan murgilduta

p047_f01.jpg

GARA | GASTEIZ

Santurtzi hasi zen atzo Madalen jaiak ospatzen bere arrantzaleen omenezko itsas prozesioarekin. Haatik, ez da izango herri bakarra. Bermeon, teila famatua botako dute berriz hilaren 22an, Madalen egunean. Bigarren urtez, aisialdirako ontziak erabiliko dituzte tradizional baten ordez, krisia dela-eta, horrela merkeagoa izango baita.

Igandean 10.00etan botako den txupinazoak ofizialki hasiera emango dion arren, aurretik jai giroa izango dela nabarmendu dute, hilaren 20ko Talan Taelladie paella lehiaketarekin.

Madalen bezperan, orobat, Baztarre kaleko jaiak ospatuko dira. Festa 10.00etan hasiko da txupinazoarekin eta gosariarekin. 11.00etan umeen txanda izango da, eurentzako jokoak egongo dira-eta. Arratsaldeko 18.00etan berriz txupinazoa botako dute, eta argazkien erakusketa eta luntxa izango dira 19.00etan. 19.30ean Iñaki Basaberen bilbainadak eta habanerak entzungai izango dira, eta amaitzeko, 20.30ean dantzaldia antolatu dute Socrates taldearekin.

Bestalde, Madalen egunerako Bermeoko Udalak hirugarren urtez hamasei plaza zozketatuko ditu herritarren artean, beraiekin batera itsasontzian joateko Izarora eta Elantxobera. «Ekimen honek harrera oso ona izan du herritarren artean», azaldu dute bertatik.

Bermeoko mugak markatzeko helburuarekin ospatzen hasi zen jaian, Udalbatza batu, eta txistulariekin batera Santa Eufemia elizan meza entzun ostean, porturaino ibilaldia egingo dute. 12.00etan, Izaro uhartea ardatz duen itsas jaia hasiko da.

Gaur Bermeoko Udalak zozketa egingo du, hamasei herritar beraiekin itsasontziz joateko Izarora eta Elantxobera

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo