GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Jon GARMENDIA, Idazlea

Dirua da dirua

 

Bizitza dirutan kontatzen zela irakatsi zidaten. Daukazun dirua balio duzula, eta batez ere, izango duzun diruaren araberako gauzak eginen dituzula. Agian, horrexegatik jartzen diot guztiari prezioa. Ez dakit ziur hala irakatsi ote zidaten, edo hala ikasi ote dudan nik, baina bihotzetik harago hezurretaraino sartua dudan gaia da dirua. Eta noski, udarari prezio bat jartzen diot, erosi behar dudan autoari jartzen diodan bezala. Bazkaltzera kanpora irten, eta jatetxekoak zenbat lan egiten ari diren ez dut behatzen, baizik eta zenbat diru irabazten ariko diren. Denda batean sartu eta berdin, zenbateko mozkina aterako duten saldutako arropa bakoitzarekin, hori izaten da ondorio nagusia. Dirutan kontatzen dudala. Ez da galduko dudan denbora, eta ez da lortuko dudan satisfazioa, ez-ez, xahutuko edo irabaziko dudan dirua baino ez da. Eta hor, kontraesanak besterik ez dira ene baitan loratzen. Eskerrak ipar-ekialdeko lur hauetan euskoa dugula; isilik heldu zen gure bizitzara, baina zarata ateratzen ari da apurka. Eta beste merkatu bat eratu nahi du, truke sistema bat, kontzientzien bertokiratzea eta erabileraren bidez kultura eta euskararen alde ere egitea. Azaltzen ez dakizkidan beste gauza batzuk gehiago ere bai, baina oraino bere berri ez duzuenon kuriositatea piztea da ene gaurko helburua. Mementokoz bi mila erabiltzaile dituzte, ez da guti. Eta ez da guti dirua nagusi den mundua diruaren bidez aldatzeko nahia. Norbaitek, nerauk pentsatzen dudana aspaldi aitortu zuelako: Nahi dutena erranen dute, baina mundu honetako jainkoa dirua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo