GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega, Euskal Herriko finalak | Alatzne ETXABURUA, Segalaria

«Nire ustez Arrate Garin da irabazteko faboritoa»

Larunbatean, Gasteizen, eta igandean, Zizurkilen, jokatuko dira Euskal Herriko finalak. Araban, mutilena izango da, eta Gipuzkoan, berriz, neskena. Gipuzkoarrak gehiengoa izango diren saioetan, Igor Esnaola eta Alatzne Etxaburua agertzen dira faboritoen artean. Alatzne Etxaburua agertzen da igandean Zizurkilen jokatuko den finala irabazteko faboritoen artean, nahiz eta berak Arrate Garini ikusten dizkion aukerarik gehien. Nazioarteko erako probetan ibili da gehienbat, baina era tradizionalekoari heltzeko gogoz eta ilusioarekin dago gipuzkoarra.

p035_f01_97x60.jpg

Jon LEUNDA

Oraintxe hasi dira neskak era tradizionalean lehiatzen. Iaz Gipuzkoakoa jokatu zen, eta aurten Euskal Herrikoa ere izango da. Etxaburuak badaki nazioarteko eran irabaztea zer den, eta orain betikoan probatu nahiko luke.

Nola zaude?

Apur bat urduri, baina bestetik jokatzeko eta lanean hasteko sekulako ilusioarekin. Gero ikusiko dugu nola ateratzen diren gauzak, baina orain gogoz nago.

Egin beharreko lana ez da luzea, baina bai hasieratik jo beharrekoa ezta?

Hori da. 20 minutu izango ditugu lanerako, eta hasieran bukaerarako zerbait gorde nahian ateratzen zara, baina gero pentsatzen jarri, eta ikusten duzu, denbora konturatzerako joaten dela. Hasieratik eman beharra dago.

Finalaren aurrean, zeure burua faboritotzat jotzen al duzu?

Ez. Nire ustez, Arrate Garin da faborito nagusia. Berak irabazi zuen iaz, honelakoetan lan asko egiten du. Ni saiatuko naiz aurre egiten, baina ez berari bakarrik, baita Astondoari ere. Hau gu baino gazteagoa ere bada, eta etsitzen ez duen horietakoa da.

Ze gertatu da aurten nazioarteko erako Euskal Ligan?

Gauzak ez zaizkidala iaz bezain ongi atera. Iaz txapela lortu nuen, baina aurten ez da horrela izan. Lehen jardunaldian hirugarren izan nintzen, eta gero bigarrengoa irabazi egin nuen. Azkeneko jardunaldian, ordea, akats bat egin nuen, eta ez nintzen batere ongi aritu.

Entrenatzerako garaian, nola uztartzen dituzue bi erak?

Pentsatzen dut nesken kasuan errazagoa dela, azken batean, era tradizionalean 20 minutuko lana izaten dugulako. Segak ezberdinak dira, baina pentsatzen dut, nire kasuan, behintzat, biak osagarriak direla, eta alde horretatik ez daukat arazorik.

Aurrena Euskal Herriko finala, eta ondoren Europako Txapelketa. Bi saio erakargarri dituzu aurretik, ezta?

Bai. Euskal Herrikoak ilusio handia egiten dit, nesketan oso aukera gutxi dugulako betiko eran lan egiteko. Gero, nazioarteko eran Europako Txapelketara joateko ere gogoa eta ilusioa ikaragarriak ditut, hura zer den ere probatu nahi dut. Beste herrialdeetakoekin batera lehiatzea ere oso polita da.


 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo