GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega, Euskal Herriko finalak | Igor ESNAOLA, segalaria

«Denok izango dugu txapela lortzeko aukera»

Larunbatean, Gasteizen, eta igandean, Zizurkilen, jokatuko dira Euskal Herriko finalak. Araban, mutilena izango da, eta Gipuzkoan, berriz, neskena. Gipuzkoarrak gehiengoa izango diren saioetan, Igor Esnaola eta Alatzne Etxaburua agertzen dira faboritoen artean.
Legorretakoa aurten plazaratu da lehen aldiz nazioarteko erako probetan, eta lortu dituen emaitzak ikaragarriak izan dira. Orain arte jokatutako proba guztiak irabazi ditu, eta larunbateko finalaren atarian, denek bera jotzen dute irabazteko faborito nagusi.

p035_f02_97x60.jpg

Jon LEUNDA

Nazioarteko eran segalari ezaguna zen Igor Esnaola, baina iraupeneko probetan ez zuen inoiz parte hartu. Beraz, ikusgai zegoen bere lana, baina zalantza guztiak baztertuta utzi ditu aurten gipuzkoarrak.

Zeure burua Euskal Herriko finalerako faborito ikusten al duzu?

Ez, ez. Pentsatzen dut finalean arituko garen laurok izango ditugula irabazteko aukerak. Proba guztiak ezberdinak dira, eta sartu diren denak dira onak.

Txapel bat irabazita joateak, lasaitasuna emango du, ezta?

Dudarik gabe. Aurten jadanik Gipuzkoako finala irabazi dut, eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko kanporaketak ere bai. Esango nuke denboraldia eginda nagoela, eta hemendik aurrera datorren guztia sari gehigarritzat hartuko dut.

Lizaso izango ote da zure aurkaririk gogorrena?

Nire ustez denak dira. Lizaso oso ongi dago, eta hor izango dela, ez daukat dudarik, baina beste biak ere ezin dira ahaztu. Goenagak lehen ere garbi utzita dauka nolako segalaria den. Kanporaketan ere ia nire adina kilo ebaki zituen. Kanflanka ere beti segi eta segi egiten duen horietakoa da, inoiz etsitzen ez duena. Beraz, edozeinek irabazita ere, ezusterik ez dela izango esango nuke.

Nola ikusi zenuen kanporaketa?

Sailetan alde pixkaren bat bazegoela esango nuke, edo errezelo horrekin amaitu nuen saioa, eta hor zorte apur bat izan nuela esango nuke. Gainerakoan, Ormaetxea ez sartzea izan zen ezustea, bera baita oraindik ere txapelduna.

Izena ematerako garaian zalantzak izan zenituela esan zenuen. Zergatik?

Egia esan hau gogorra da. Beti ikusten nituen ordu erdi bat, ordubete lanean, eta ni hori egiteko gai izango ote nintzen zalantza egiten nuen, baina azkenean lortu dut. Egia da beti kirolean ibili naizela, eta horrek beti laguntzen duela.

Trontzan Euskal Herriko txapelduna izana zara, eta orain segan gauza bera egiteko aukera daukazu. Ilusio handia egin behar du aukera horrek ezta?

Ikaragarria. Txapel batek beti egiten du ilusioa, eta niretzat, gainera, lehiaketa guztiek dute garrantzia. Euskal Herrikoa, ordea, berezia da, eta hori lortzeak ilusio handia egingo lidake.

 

Legorretakoa aurten plazaratu da lehen aldiz nazioarteko erako probetan, eta lortu dituen emaitzak ikaragarriak izan dira. Orain arte jokatutako proba guztiak irabazi ditu, eta larunbateko finalaren atarian, denek bera jotzen dute irabazteko faborito nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo