GARA > Idatzia > Euskal Herria

GHK-k ez du baztertzen aurreko arduradunak auzitara eramateko aukera

Aurreko kudeatzaileei zegokien errauste planta egiteko ingurumen baimenaren eta lanen lizitaziorako agirien artean ezberdintasunak zeudela informatzea, eta ez zuten egin. GHK urrats ezberdinak aztertzen ari da.

p014_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | HERNANI

Gaur egun Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren (GHK) ardura dutenek ez dute baztertzen aurreko kudeatzaileak auzitara eramatea, beraiei baitzegokien Lakuako Ingurumen sailburuordeak 2010ean Zubietako erraustegia egiteko eman zuen ingurumen baimen bateratuaren eta lanen lizitaziorako agirien artean «ezberdintasun nabarmenak» zeudela informatzea. Horren berri eman ez zutenez, Gasteizko Gobernua ez da aldaketen jakinaren gainean egon GHK-ko kudeatzaile berriek iragan ostegunean salatu zituzten arte. Hala adierazi zuen atzo Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak, Imanol Azpiroz presidenteordearekin egindako agerraldian.

Partzuergoko aurreko arduradunak ziren Carlos Ormazabal, Denis Itxaso eta Jose Ignacio Etxezarreta, presidente, presidenteorde eta zuzendari gisa, hurrenez hurren.

Modu publikoan edo pribatuan azalpenak eskatzeko asmoaz galdetuta, Intxaurrandietak baieztatu zuen hainbat pauso eman daitezkeela hemendik aurrera, «gauzak ez zirelako ondo egin», eta aurrerantzean ikusteko dagoela «zein urrats eta nola» egingo dituzten.

Urratsetako bat auzitara jotzea ote den galdetu zuen kazetari batek. «Ez dugu baztertzen. Eman behar dugun urratsa ematen dugunean informatuko zaituztegu», esan zuen Intxaurrandietak.

Halaber, baieztatu zuen aldi baterako enpresa-elkartearekin harremanak hasi dituztela kalte-ordainak adosteko. «Hala ere, ulertu beharra dago ez dela gauza bera indargabetu den legezko proiektu baten kalte-ordainak negoziatzea, edo legez kanpo zegoen proiektu batenak negoziatzea».

Iñaki Errazkinen agerraldia

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere atzo Zubietako errauste planta izan zuten mintzagai. PPk eta Bilduk euren botoak gehitu zituzten, saihesteko Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuaren agerraldia, proiektua gelditzearen zergatiak azaltzeko.

Juan Carlos Cano PPko bozeramaileak adierazi zuen, ohar bidez, bere alderdiak hala jokatu duela «nekatuta» dagoelako EAJk Martin Garitanoren aurkako zentsura mozioa ez babesteaz. Proposamen hori PPk egin zuen, bi egun lehenago.

Markel Olanok, berriz, EAJren harridura azaldu zuen Bilduren jarreragatik, eta PSEk berriz, jeltzaleak kritikatu zituen, koalizioaren eskuetan uzteagatik Diputazioa eta hainbat udaletxe.

behin betiko

Errauste planta eraikitzeko kontratuak indarrean segitzen duela esan zuen GHK-k, baina behin betiko indargabetua izateko bidean dela. Horretarako, urrats administratiboak bete beharko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo