GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Elkarbizitzaren eta konponbidearen indargarri, Errenteriak utzi arrastoa hedatzen doa, zorionez

Errenteriako alkate Julen Mendozaren hitzek -«denbora luzez `besteak' kontsideratu zaituztedanei, bihotz-bihotzez sentitzen dut»-, bere ttipian esanahi handia zuten. Elkarbizitza eta konponbidearen alde nork bere beldurrak uxatzea, umiltasunez hitz egitea, entzutea eta enpatizatzea ezinbestekoa ez ezik, erabat gauzagarria zela frogatu zuten Eraikiz ekimenarekin. Gatazkaren parte eta biktima ezberdinak elkarri begietara begiratzea, egia -norberarena eta besteena- ezagutzea eta inoren baimen ala diktatua itxaron gabe iniziatiba hartzearen mezua ekarri zuen. Arrastoa utziz. Komunikabideen polemika eta aztoramenetik kanpo, isil-isilean, herriz herri, asko dagoelako egiteko eta bidea egiten hasi behar delako. Atzotik.

Errenteriari Getaria, Tolosa, Orio, Donostia, Urnieta, Azpeitia, Lasarte, Andoain, Elgoibar, Zarautz, Hondarribia eta Irunek hartuko diote orain lekukoa Foru Aldundiaren Giza Eskubide eta Memoria Historikoaren zuzendaritzak bultzaturiko ekimenaren baitan. Zoriontzeko urratsa da. Tabuak puskatu, mugak urratu eta pedagogia berria lantzeaz gain, konponbidearen indargarri da, kultura politiko berri baten ernamuin. Borondatea badago, ezinezkoa posible egiten delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo