GARA > Idatzia > Ekonomia

Donostiako gazte langabeei zuzenduta, GazteEkin ekimena antolatu du Udalak

Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren barnean, 30 urtetik beherako gazte langabeentzako ekimena antolatu dute datorren asteazkenerako, Kursaalen. Aholkularitza zerbitzu ezberdinak eskainiko dituzte bertan.

p021_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Sustapenak jardunaldi berezi bat antolatu du datorren asteazkenerako, hilak 24, hiriburuko gazte kualifikatu eta langabeei aholkularitza eskaintzeko helburuarekin. Horrela, 30 urtetik beherako donostiarrek parte hartu ahal izango dute GazteEkin ekimenean.

Josu Ruiz Sustapen zinegotziak eta Euken Sese Donostiako Sustapeneko zuzendariak aurkeztu zuten atzo ekimena, Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren (DESP) barruan kokatzen dena. Aurten, 6,5 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du plan horrek, eta helburua 1.085 lanpostu sortzea da.

Jarduera ildoen artean aurkitzen da 30 urtetik beherakoak, emakume langabeak edo Altzan, Intxaurrondon, Egian, Bidebietan, Loiolan eta Martutenen erroldatutako pertsonak bereziki artatzea.

GazteEkin jardunaldia 9.00-14.00 bitartean egingo dute, Kursaalen, eta, besteak beste, ekintzailetasunari eta finantzaketari buruzko aholkularitza eskainiko dute bertan. Nazioarteko bekek tarte berezia izango dute, eta izena emateko aukera ere izango da. Izena ematen duten gazteek iazko bekadunek izandako esperientziak ezagutu ahal izango dituzte, eta hautapen prozesuan aurreikusitako proba psikoteknikoak egingo dituzte. Ekitaldi berean, iazko bekadunek diploma jasoko dute.

Ruizek eta Sesek azaldu zutenez, ekimen honekin DESP planaren bitartez sortzen diren lan aukerak gazteei zabaldu nahi dizkie Udalak, eta horretarako bitartekaritza lanak egingo ditu Donostiako Sustapenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo