GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Errespetua galduta dago

 

Etapa bukatu berri dugula, Txopirekin masajea hartzen nabilela gaurko zutabea idazteari ekin diot. Mont Ventoux-eko etapan, ihesaldian gindoazen taldetik, azken kilometroetan lagun izan nuen Riblonek irabazi du Tourreko etapa epiko hau. Aurreneko aldiz, bi bider igo dugu Alpe d'Huez, eta suposatzen genuen moduan zoramena izan da bertan egon den jendetza. Ia beti, txirrindularitzaren alde onei buruz idaztea gustatzen zait, baina azkenaldian gertatzen ari diren ohitura batzuk, nire uste apalean, txirrindularionganako errespetuaren kontrakoak dira.

Lehendik txirrindularitza gogorra bazen, dopin kasuak ekiditeko Adams sistema onartu genuen. Urtean 365 egun kontrolak egiteko Internetez abisatu behar dugu non egongo garen. Oporretan nagoela kontrola pasatzea tokatu zait; beste batean, gaueko hamarretan eta Xabati ipuin bat irakurtzen ari nintzela ohetik atera eta odola eman behar izan nuen. Beste behin autoari olioa aldatzera Xabatekin joan, eta telefonoz deitu eta bertan pasarazi nahi zidaten kontrola, eta azkenean, hotel batean pasatu nuen, baina orduan 4 urte zituen semeak, ez zuen ulertzen zergatik kentzen zioten aitari odola eta gernua.

Eta honaino, sarritan gure familiaren intimitatea ere urratzen duen arren, esan daiteke ohituta gaudela eta ontzat ere ematen dugula; baina Tour honetan gertatu diren jarrera batzuk, inondik inora, nire ustez, onartu ahal diren mugaz kanpo daude. Ez dut ulertzen nola bota ahal dioten gernua Cavendishi. Ez zait buruan sartzen nola, inongo frogarik gabe, besteak baino indartsuagoa delako, Chris Froome dopatuta dagoela idazten duten kazetariek.

Baina ja pasada bat iruditzen zaidana da ipurdia telebistan erakustea helburu duten zaleak, txirrindularion inguruan korrika eginez telebistari begira doazela arriskuan jartzen gaituztenak. Gaur, nire parean, txirrindulari batek zale batekin talka egin eta kamera airean irten da. Beste zale batek nire manillarrean sartu du grabatzen ari zen kameraren audioko kablea, eta erorketa libratu dudanean, 2 kilometro geroago, guztiz edanda zeuden Herbehereetako zaleek grupettoa gelditu, eta hanka lurrera bota behar izan dugu. 20 ala 25 txirrindulari geldi egon behar izan gara, bidea blokeatu eta pasatzen uzten ez zigutelako. Nik ondo ikusten dut lasterketa ikustera etorri eta garagardo pila bat edatea, baina txirrindularien ondoan korrika egin, gernua bota eta horrelako jarrerak, txirrindulari zale onek sekula egiten ez dituzten ohiturak dira.

Akaso kulturala da, eta txirrindularitzarako tradizio urria duten herrialdeetako zaleak dira, baina egun dexente nenbilen gai honi bueltaka, eta gaur ikusitakoak errespetu falta horren sentsazioa areagotu besterik ez dit egin. Akaso, geuk ere badugu gertatzen ari diren gauzen kulpa pixka bat, baina guztion artean lan egin beharko genuke etorkizunean errepika ez daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo