GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Gasteizko Txosnek ezin diote gogoari eutsi: egun bat lehenago emango diote hasiera festari

Ezinegona nagusi Andra Mari Zuriaren jaien atarikoan: egun bat aurreratuta, abuztuaren 2an inauguratuko dituzte aurten Gasteizko Txosnak eta Txosnisaria nork jaso duen, egun horretara arte ez dugu jakingo.

p047_f01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Egun bat gehiago, edo hobeto esanda, gau bat gehiago Gasteizko Txosnetako karpaz gozatzeko. Gasteizko jaietako txupinazora ajearekin heltzeko aukera gehiago. Iaztik hona beste egun bat irabazi du Gasteizko Txosnen sareak antolatutako egitarauak; beraz, bi egun lehenago hasiko dira jaiak ospatzen, abuztuaren 2an. Beste nobedade bat ere bada, aurtengo Txosnisaria nork jasoko duen jakiteko, karpak zabaldu arte itxaron beharko dugu, isilpean mantentzea erabaki baitute.

Isilpean gorde ezingo dutena, ordea, aurtengo egitaraua da. Beste behin eta iazkoa gaindituz, programazio itzela aurkeztu baitute Udalaren laguntza duen programa «ofizialari» aurre egin behar dioten txosnek, «lan ikaragarria» eginda. Ez dauka lan makala, baina, hamabi kolektiboz osatua dagoen elkarteak jaietan: sei txosna, hiru karpa bikoitz eta karpa komun batez arduratuko da. Haatik, elkarlana ardatz duten egitaraua dakarte, beste behin arrakasta erdietsiko duen seinale.

Abuztuaren 2an Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko den kalejirak irekiko du egitaraua, 20.30ean. Handik, txosnetara joko dute, 21.00etan inaugurazioa egin eta Txosnisaria entregatzeko. Jarraian, kontzertuak: Big Band Berri, The Allnigthers eta The Dealers. Abuztuaren 3an, Entxosnazio Egunean, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Iker Zubeldia eta Unai Iturriaga arituko dira bertsotan, 13.00etan. Arratsaldean, berriz, giroa piztuko du Azido Folkloriko taldeak, eta gauean Akerbeltz eta Arty shot DJ izango dira. Txupinazo egunerako, aldiz, gaueko egitaraua antolatu dute soilik: Indarrap, Green Valley eta Mamba Beat. Astelehenean, hilak 5, Herrira Eguna ospatuko dute, Anje Duhalderen eta On-en kontzertuekin. Asteartean, hilak 6, Hala Bedi eta Ikasle Egunean, Cobra, Willis Drumond eta Sacramento. Hilaren 7an, RiotPropaganda eta Las Tea Party. Azken bi egunetan talde arabarrak protagonista: ostegunean, hilak 8, Betagarri eta E.T.S. (En tol Sarmiento) taldeek joko dute, eta amaiera ezin hobea emateko, hilaren 9an, Kaotiko aguraindarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo