UDATE | Jon GARMENDIA, Idazlea
Aholkuak agindu
Aholkuak ez dira ematen, jaso egiten dira. Badakit orotariko aholkuak ematen dizkigutela, eta gu ere aholkulari bilakatzen garela nahinoiz, gauza bat manera batean edo bestean egiteko iruzkina helaraziz, edo arazo baten aitzinean nola erreakzionatu behar den erranaz; baina aholkuak ematen dizkigutenean, entzuten ditugun hitz horietan zein dugun gustuko guk hautatzen dugu, baita zerekin identifikatzen garen ere, eta zein den biderik egokiena gure bizitzara eramateko. Gu gara erabakitzen dugunak, beti. Eta erantzukizuna gugan datza. Agian, bizitza ere gure hautuz josia delako, lana, lagunak, oporrak... denak dira gure hautu, hau egitea hautatu badugu beste hura ez egitea hautatu dugulako da. Hemen banago, ez nago hor, eta hor egotea hautatu banu, hemen ez egotea hautatuko nukeen. Halako zerbait. Bueno ba, harrituta utzi nau egunotan Gipuzkoako Enpresarien Elkartea den Adegik, batik bat, enpresariei eman dien aholkuak: Ez negoziatzeko ezer, beste erremediorik geratzen ez den arte. Enetzat, aholkuak beti manera eraikitzailean emanak dira, haiek jasoko dituenak hobekuntza bat izan dezan, helduleku bat ukan eta haietarik irakaspen bat jasotzeko. Agian Adegirenak hori xerkatzen du, baina ez dio soilik jasotzaileari eragiten, haien azpian dauden langileei baizik, eta hor, aholku bat baino agindu bat ikusten dut nik gehiago. Uda bezala, langileen urtaro guztiak baldintzatuko dituelako aholku horrek, eta ez ditu ondorioak asumituko ez emaileak eta ez hartzaileak ere. Aholkuak ematea libre bada, nik ere gustura emanen nieke bat, aholku gehiagorik ez ematea.