GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Big Festival handitzen ari da

Asteazkenean hasi zen Biarritzeko musika jaialdia, eta igandera bitartean girotuko ditu hiriko hainbat bazter. Hondartza, Aguilera errugbi zelaia eta Irati aretoa dira festaren hiru ardatzak. Neil Young izan dute aurtengo izar nagusia, eta 8.000 sarrera salduak zituzten hura ikusteko. 30 mila bisitari espero dituzte astebururako, eta aurreikuspenak bete dituztelarik, kontent dira antolatzaileak..
p045_f01_250x164.jpg

p045_f02_140x120.jpg

Jon GARMENDIA

Udan musika jaialdiak ugaritzen dira mundu osoan, eta Euskal Herrian ere badugu horren berri, nahiz eta gurean herriko jaien inguruan izaten diren musika emanaldi gehienak. Azken urteotan BBK Live nagusitu da Hego Euskal Herriko jaialdi erraldoien artean, eta EHZ festibala Bidasoaz haraindiko lurretan. Hala ere, badira beste jaialdi entzutetsu batzuk, tartean, orain dela bost urte sortu zen Big Festival. Biarritzen egiten da jaialdi hau, kultur emanaldi ororen eskaintza bultzatzen duen hirian, eta laguntza instituzionala izanik dena bilakatzen da errazago antolatzaileentzat. Hasieran, Pariseko sustatzaile batzuen ideia izan zen jaialdia antolatzeko oinarri, baina azken urteetan, eta bereziki aurten, bertako jendea sartu da antolakuntzaren arlo desberdinetara. Aitz Amilibia da horietariko bat, Aiherran bizi den baionarra, bera baita jaialdiko zuzendaritza teknikoaren arduraduna: «Orain hiru urte hasi nintzen jaialdi honetan lan egiten. Hasieran leku bateko ardura neukan, eta egun, zuzendaritza teknikoa da ene gain; hau da, agertokiak, argi eta soinu ekipoak, azpiegitura eta tokien hautatzea... teknikoki egin behar den guztiaren zuzendaritza daramat. Kanpoko jendearekin lan egiten zuten lehenago, baina ohartu ziren hemengoek, guk, bagenekiela lan horiek egiten, eta errazago zela gurekin lan eginaz gauzak aitzina eramatea; konfiantza egin ziguten eta horretan ari gara».

Pariseko Lickshot Entertainment arduratzen zen lehen musika programazioaz, baina Donostiako Get-In produkzio etxeak gero eta pisu handiagoa du jaialdiaren antolakuntzan. Biarritzen dabil Amaia Ispizua, Get-Ineko komunikazio arduraduna: «Hasieran ekoizle bezala hasi ginen jaialdi honetan, kolaboratzaile bezala; baina egun geuk antolatzen dugu jaialdiaren erdia. Horrek esan nahi du musika taldeen kontratazioa zati handi batean gure gain dela, batez ere euskaldunak eta espainiar estatukoak; komunikazioa ere lantzen dugu. Azken batean, urte osoa ematen dugu jaialdi hau prestatzen». Ipar Euskal Herrian bolo-bolo ibili izan da jaialdi hau Euskal Herria Zuzenean festibalari itzal egiteko sortua zela, bertako herritarrentzat baino, kanpokoentzat eta bereziki turistentzat egina zela, eta honen aitzinean zera aitortzen du Amaiak: «Guk argi ikusten dugu bi jaialdiek zerbait desberdina proposatzen dutela, eta biek dutela lekua hemen; gainera, haiekin elkarlanean hasteko urratsak emanak ditugu, musika taldeak eskaintzeko edo elkar trukatzeko-eta heldu diren urteotan». Iritzi berekoa da Aitz Amilibia: «Nik EHZko zuzendaritza teknikoan ere hartzen dut parte. Jakina, hura boluntario bezala egiten dudan lana da, eta hau profesionalki. Ez zaio nehori erraten ez etortzeko hona, baina noski, sarreren prezioek egiten dute sailkapen hori, anitzez garestiago baita hau, baina musika taldeak, azpiegitura gastuak... horiek denak ere handiagoak dira».

Aurtengo erronka izan da Aguilera estadiora joatea, han egunero 10.000 pertsonendako lekua prestatu dutelarik; Big Live deitu diote eremu horri. Hondartza eremuak Big Village izena du, eta hango ekimen guztietara urririk sartuko ahalko du jendeak; surf ikastaroez gain musika emanaldiak ere izango dira han. Azkenik, Big Boite dago, diskoteka erraldoia Irati aretoan, eta musika elektronikoaren izen famatuak bilduko dira han.

Wu-Tang Clan

Asteazkenean hasi zen jaialdia Atabal aretoan, irekiera ekitaldian izan zen Didier Borotra Biarritzeko alkatea, eta kultur zinegotzi den Michel Pouyets-ek eskainitako hitzekin zabaldu zituzten ateak musikazaleentzat. Grises, Is Tropical, Rone Présent Module eta Odei taldeak igo ziren eskenatokira ondoren, eta guztiz bete ez zen aretoak giro onean gozatu zituen lau musika eskaintza desberdin hauek. Atzo, Osteguna, jo zuen aurtengo musikari izarrak, Neil Young-ek, Crazy Horse taldearekin batera rock blues musika egiten duen 68 urteko kantariak Aguilera rugby zelaian milaka jarraitzaile elkartzea lortu zuen. Izan ziren ezusteko politak hala ere atzokoan, Oiartzungo John Berkhout kasu, AEBtako folk kutsuak dituen talde freskoa, indie eta psikodelia ukitu desberdinekin emanaldi polita osatu baitzuen. Ipar Carolinako Jonathan Wilson kantariak eta Texasko Gary Clark Jr kitarra jolearen taldeek osatu zuten Aguilerako kontzertua.

Ostirala eta larunbata musikaren munduan pisua duten izenekin beteta ageri zaizkigu. Agian denetatik ikusgarriena Wu-Tang Clan taldea izanen da, New Yorkeko hip-hop taldea, gaur joko dute Aguilera zelaian, eta Amaia Ispizuak aitortu digunez: «Ez dute beste munduko birarik eginen, hau dute azkena, beraz huts egin ezineko aukera da gaurkoa, talde honen ikuskizunak zinez merezi baitu». Haiekin batera joko dute Orelsan, Anai Arrebak eta The Bloody Beetroots taldeek. Irati aretoa diskoteka erraldoi bilakaturik, Bakermat, Wankelmut, Joris Delacroix, Synapson eta 2 Lovers DJs bezalako izenekin ageri zaigu. Larunbatean George Clinton, Two Door Cinema Club, Breakbot, eta The Dedicated Nothing taldeak ariko dira Aguileran, eta Iratiko diskotekan Erol Alkan, Cassius, Chateau Marmont eta Busy P»Ed Banger Megamix».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo