GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

giza-proba

Errezilgo giza probako taldea Koateiren astoaren aurka neurtuko da

J.L.

Ikusmin handia piztu du gaur gauean, 22.00etan, Errezilen jokatuko den apustuak. Bertan, Errezilgo giza-proba taldea, Azkoitiko Koateiren astoaren aurka neurtuko da.

Errezilgo taldea sei lagunez osatutakoa izango da, eta 30 minutu izango ditu lanerako, 600 kiloko harriari tiraka aritzeko. Aurrean, Koateiren astoa izango dute. Bi itzain libre izango ditu, eta lanean aritzeko, berriz, 26 minutu. Alde bakoitzak 4.000 euro jokatzen ditu dirutan. Taldekako giza-proba modan dago, jende asko erakartzen duen kirola bihurtu da, baina kasu honetan abere baten aurka jokatuko dute, ohikoa ez izan arren. Apustu honek giro aparta piztu du Errezil eta inguruetan, eta probalekua gainezka egongo da. Faborito garbirik ere ez da ikusten, baina ez da ikuskizun faltarik izango.

Harri-zulatzaileen Ligan, berriz, gaur jokatuko da 13.00etan hirugarren jardunaldia Santurtzin. Bertan arituko dira nor baino nor Ligan parte hartzen ari diren sei taldeak. Ortuellako Burdin Gazteak, Errekatxo, Kabiezes, Las Karreras A, Las Karreras B eta Trapagaran izango dira aurrez aurre arituko direnak.

Burdin Gazteak taldeak denboraldiari hasiera ezin hobea eman dio, eta hirugarren jardunaldia irabazteko ere faborito izango da. Garrantzitsua izango da, gainera, gaur irabaztea, gero abuztuaren 15a bitarte ez baitute jardunaldirik izango. Errekatxo da, orain arte, Ortuellakoen aurkaririk gogorrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo