GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia

Azken traka!

 

Azken egunotan, su artifizialetan legez, azken traka ikusten ari gara. Aukerak amaitzen ari dira eta zirt edo zart ahalegina egin beharra dago saririk nahi baldin bada. Batetik etapa garaipenaren alde lehian dabiltzanak daude, ihesaldietan sartu eta hil edo bizi azken etapa hauen borrokan dabiltzanak. Bestetik, sailkapen nagusiaren borrokan tropela hankaz gora jarri eta beraien arteko tarteak murriztu nahian eraso festa horretan murgiltzen direnak. Maldan gora, behera, ordekan, bakarka, binaka, taldean... era guztietako erasoak ikusi ditugu baina beraien artean gorabeherak eragin dituzten arren, sailkapen nagusiko gizonik indartsuenari min egiterik ez dute lortzen.

Bestalde, gainerako sailkapenak ere jokoan egonik, horiek lortzeko ere lehia polita ikusten ari gara. Batez ere, mendiko eta taldekako sailkapenerako borroka handia dago eta horrek ikusgarritasuna gehitzen die azken etapa hauei. Ikusgarriak izango dira etapa aurretik taldeetako autobusetan egiten diren bilerak ere. Estrategia itzelak diseinatuko zituzten seguru asko zuzendari eta gainerako laguntzaileek beren hoteletan eta autobusean beren txirrindulariei ilusio osoz azaldu eta motibazio lan ikaragarriak eginez hori lortzen saiatu daitezen.

Hala ere, azken egun hauetan, indarrak dira gainerako faktore guztiei gainjartzen direnak, eta aurrealde horretan behin eta berriro ikusten ditugun gizonak berdintsuak izan ohi dira eguna joan eta eguna etorri. Gaur, Mikel ihesaldian ikusita, ilusio handiak egin ditut momentuan. Mendiko sailkapena eta etapa bera ere lortzeko aukerak ikusten nizkion. Hala ere, aurkari gogorrak zituen eta ezin izan du izan, baina ez nuke aukera hau pasatzen utzi nahi Mikel egiten ari den lana goraipatu gabe. Handia egiten ari haiz, zorionak Mikel!

Taldekako sailkapenaren lehian, lan bikaina egiten ari dira Markel eta Radioshack-eko taldekideak, egunero ihesaldian gehiengoa sartuz sailkapen horren lehian izango dira azken egunera arte, nahiz eta sailkapen nagusian aurre-aurrean inor ez izan. Baina Saxo Bank taldeak hiru lagun ditu sailkapenean ongi kokatuta eta zaila jarriko diete. Azkenik Rui Costa portugaldarraren erakustaldiak goraipatu beharrean nahiz. Horrelakorik Tourrean egitea ez da batere erraza, eta behin egin ondoren bigarrenez errepikatzea azken traka honetan murgilduta gaudenean... izugarrizko meritua du Ruik egin duenak!

Gaur erasorako azken eguna Pariseko omenaldi egunaren aurretik. Gerrarako daude oraindik txirrindulariok eta seguru berriz ere ikuskizuna emango digutela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo