GARA > Idatzia > Euskal Herria

Salbuespenezko politikak desegiteko herri harresia eraikiko dute Amaiurren

Eleak taldeak honako aldarrikapena plazaratuko du hilaren 27an Amaiurren eraikiko duen herri harresi sinbolikoarekin: beharrezkoa da salbuespenezko politikak amaitzea, eskubide urraketak ahalbidetzen eta euskal herritar ugari kartzelatzeko arriskuan jartzen dituztelako.

p012_f02_148x108.jpg

Martxelo DIAZ |

Hilaren 27an, ekitaldi berezia izango da Amaiurren, Eleak taldeak deituta, herri harresia indartzeko helburuarekin, atzo Iruñean egindako agerraldian taldeko eledun Txerra Bolinagak eta Ibai Iriartek jakitera eman zutenez.

«Edozein ekarpen egiteko, harri txikia bada ere, prest dagoen edonor ongi etorria izango da, legearen izenean egindako urraketak gelditzeko», esan zuten. Euskal Herrian atxiloketen kontra izandako jardueren ordezkariak izango dira datorren larunbatean Baztango gotorlekuan.

«Duela 500 urte birrindu zituzten harresiak berreraikiko ditugu, kantua, hitza, sentimendua eta borrokarako grina erabiliz», azaldu zuten.

Ekitaldian aldarrikapen ugari izango dira: Gorenean auzipetuta dauden Iruñerriko bost gazteen absoluzioa, eta Deustuko grebalarien eta 35/02 prozesuko eta gazte independentisten aurkako kausetako epaiketak bertan behera uztea.

Horrekin batera, salbuespenezko epaitegien eta salbuespenezko legedia bertan behera uzteko, eta ondorioz, horiek erabiliz epaitu dituzten herritarrak askatzeko ere eskatuko dute hilaren 27an.

Oro har, salbuespenezko politiken amaiera eta disidentziarako eskubidea berreskuratzea aldarrikatuko dute Amaiurren.

Baztango gotorlekuan egingo duten ekitaldiak azken urteotan Euskal Herrian izandako esperientziak bilduko ditu. Hala nola, 2011ko abenduan Gasteizen Ekaitz Samaniego babesteko izan ziren matrioskak. Ondoren, 2012ko ekainean, Deustun ere izan ziren halako ekintzak, Gaizka Astorkizaren egoeraren aurrean alarma gorria pizteko. Errenterian aurtengo urtarrilean lau gazteren alde egin ziren ekimenak. 2013ko apirilean beste bederatzi lagunen alde herri harresia osatzen hasi ziren. Eta jarraian, Ondarroan Urtza Alkorta babesteko zubia eraiki zuten hainbat euskal herritarrek.

«Gaur epizentroa Iruñerrian dugu. Temati gaude herri harresi komuna eraikitzeko. Bere tinkotasunaz gure eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak antzuak izatea lortuko dugu. Auzolana eta autoantolakuntza dira horretarako erabiliko ditugun tresnak», azaldu zuten prentsaurrekoan.

Herri harresiak bere barnean ekimenak eta pertsonak babestuko ditu, baina kanpoan dauden erasotzaileak ere geldituko ditu, atzo Eleak taldeko kideek nabarmendu zutenez.

ekitaldi irekia

Deia egin zuten, edozein ekarpen egiteko prest dagoen orok Amaiurko ekitaldian parte har dezan. Bertsolariak, musikariak, idazleak eta abarrek parte hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo