UDATE
Caboverdetar mornak berotu eta Melody Gardotek argitutako Gasteiz
Uztaileko bero galdatan, Gasteizen freskatzeko bururatzen zaizkigun aukerak bertako «hondartzetara» jo edo jazz doinuz zipriztintzea dira. Bigarrena hautatu eta Printzipal antzokiak eman zigun gerizpea herenegun, Ben Williams kontrabaxuaren laukotea entzuteko. Saio bikoitzean eta gauez, Jacky Terrasson pianista kementsua (lagunez inguratua) eta morna doinuak eman zituen Melody Gardot diva gaztea genituen zain Mendizorrotzan.
Anartz BILBAO | GASTEIZ
Williams kontrabaxu jotzaile gaztea da, iaz ere Gasteizen jo zuena, Pat Metheny-ren taldean. Oraingoan Sound Effect laukotean «State of Art» (Concort, 2011) aurkeztera zetorren, «hiri eta jaialdirik maiteenetarikoan aurrenekoz talde propioa gidatzeaz pozik»; igarri zitzaion. Alde horretatik, eskertzekoa da jaialdiak musikari gazteak ezagutzera emateko egiten duen apustua. Bide beretik iaz Printzipalen jo zuen Ibrahim Maalouf tronpetistak Mendizorrotzan distira egin zuen ostegunean.
Bi oholtzen arteko lotura nork eta Michael Jacksonek eman digu. Williamsek «Little Susie» berrirakurtzen dio, eta Jacky Terrasson-ek «Beat It» ezaguna- rekin ireki zuen jarduna. Duela 17 urte Gasteizen jo zuen musikariak Burniss Travis (kontrabaxuan) eta Leon Parker (baterian) ditu ondoan -bikain azken hau; azken txanpan gorputz osoa erabiliz perkusioetarako-, eta Michel Portal (klarinete eta saxofoian), Stephane Belmondo (tronpetan) zein Cecile McLorin Salvant gaztea gonbidatu. Oso fina suertatu da hiruren jarduna -Salvantek erregistro ugari agertu ditu ahotsean, Gerome Kern-en «Yesterdays» kantan, esaterako-, baina piezarik bizienak ez ezik delikatuenak ere kalipuz jotzen dituen pianistak hirukote klasikoan egindako lana begitandu zaigu biziena. Aipatutakoez gain, Lennonen «Oh my love», «Besame mucho» eta «Caravan» (Ellingtonena) klasikoak edo Terrassonen beraren «Gouache» eta «Mother» ere jo ditu, azken hau bukatzeko.
Jazzik apenas
Terrassonen jardun luzeari Melody Gardot-en emanaldiak hartu dio txanda. Diva handia da, eta Gasteizen erakutsi du, soineko aldaketa eta guzti. Komunikatzaile aparta ere bada; gaztelera duin batean berba eta berba, publikoarengandik gertu agertu eta aldi berean beragandik oso urruti gaudela sentiarazi digu.
Turbante eta kendu ez dituen betaurreko beltzez, makilarekin lagunduta baina takoi luze zorrotzez oholtzara azaldu, eta musikari bikainen laguntzarekin boskotean (Charles Staab baterian, Irwin Hall saxoan, Aidan Carroll baxuan eta Mitchell Long gitarran), «Goodbye» eta «Mira» kantekin zabaldu du jarduna. Gero Cesaria Evora omendu nahi izan du «Saudade»-rekin, eta hemendik aurrera kontzertuak ez du galdu kutsu etnikoa. Frantsesez zein ingelesez, pianoa eta gitarra ere jo dituen Gardotek ahots ederra eta dohain bereziak dituela erakutsi du etengabe, ikaragarri luzatu duen «Iamanja»-n adibidez, «Preachar man»-ekin bukatu baino lehen. Eta dantzarako gogoz zegoenez, entzuleria parte hartzera gonbidatu du, berarekin kantatzera -ez da gelditu lehen ilarakoak dantzan jarri dituen arte-.
Jazzik apenas da hemen, blues eta folk doinuak entzunarazi dizkigu Gardotek, morna beroa batez ere (Cabo Verdeko erritmoa da eta fadoarekin du harremana). Ez du ematen entzuleriari inporta izan zaionik.
Inoiz baino disko gutxiago saltzen dela entzun dugun astean, zuzenekoa eta gero gauerdia aspaldi jota zela, aleak sinatzera agertu da Gardot -Williamsek 7 euroan zituen salgai, eta Mendizorrotzako saltokian 15 euroan hiru titulu saltzen zituzten!-. Egunsentiak emango zion, zain zeukan ehun bat laguneko ilara ikusita.
Duela 12 urte De Luciak eta Coreak entzuleria zoratu zuten Mendizorrotzan; bihar Gasteizera itzuli eta 37. edizioa itxiko dute. Sarrerak, jaialdiko garestienak ziren arren (45 euro), aspaldi agortu ziren eta birsalmenta 200 eurora heldu ei da. Baina jazz zaleak badu beste aukera bat larunbatean, Antonio Sanchez bateria jotzaile bikainak joko baitu Printzipal antzokian 18.00etan eta 15 euroren truke. Metheny-ren taldeko kide, mexikarrak Dave Binney (saxoan), John Screet (pianoan) eta Matt Brewer (baxuan) izango ditu ondoan debut lana aurkezteko, «Migration».