GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Estibalitz EZKERRA, Literatur kritikaria

Mr Darcy eta telebista (II)

 

Serpentine lakuko ekimena literatur testu batean oinarriturik egoteak, literaturaren ikuspegitik, lorpen handitzat jo dezakete batzuek. Baina kontua zera da, nahiz eta Jane Austenen nobela bateko pertsonaia batean oinarriturik egon eskultura, inkestatuek «Pride and Prejudice» telesaioko eszena bat gogoan hautatu zutela pasartea, ez nobelagatik beragatik. Are gehiago, eszena hori, Mr. Darcy lakutik ateratzen agertzen duena, ez da jatorrizko testuan behin ere azaltzen. Aitzitik, telesaioaren «ekarpen» bat da.

Literaturaren irakaskuntzan ikus-entzunezkoek zein rol jokatzen duten eztabaidatzen aritu ginen lagun bat eta biok duela hilabete batzuk. Laguna kexu zen bere ezagun batzuk, libururik irakurri ez, baina liburu batean oinarrituriko filma ikusi ostean jatorrizko testua ezagutuko balute bezala mintzo zirelako. Egia da hainbat testu telebista eta zinemari esker ezagun bihurtu direla, eta ikus-entzunezko egokitzapenaren ostean hainbatek liburua irakurri egin dutela. Baina lagunaren arabera, gutxiengo batek egin ohi du hori. Normalean jendea ikus-entzunezko produktuarekin geratzen da, liburuarekiko inolako interesik agertu gabe. Lagunak esaten zidan ez zuela ezer literatur lanetan oinarrituriko film zein telesaioen kontra. Iruditzen zaio genero independente bat direla (badira lanen ikus-entzunezko egokitzapenak aztertzen dituzten akademikoak) eta ez du ulertzen zergatik liburua eta haren ikus-entzunezko egokitzapena konparatzen tematzen diren batzuk. Arrazoi beragatik, ez zaio buruan sartzen nolatan esan dezakeen norbaitek liburu bat goitik behera ezagutzen duela hura irakurri gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo