GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | mutrikuko jaiak

Goizeko Izarraren txupinazoak emango die hasiera Malen jaiei

Gaur gauean hasi eta datozen egunotan Malen jaietan murgilduko da Mutriku. Goizeko Izarra herriko antzerki taldeko kideak izango dira txupineroak aurten, taldearen 20. urteurrena gogora ekarriz. Eguerdian jarriko da martxan festa giroa herriko kaleetan zanpantzarren eta poteoaren laguntzaz, eta goizaldera arte luzatuko da gaztetxeko kontzertuekin.

p055_f02.jpg

Jonebati ZABALA | MUTRIKU

Antzerki tradizio handiko herria da Mutriku. «Gerra aurretik ere bazegoen arte horretan aritzeko ohitura, bazeuden antzerki taldeak. Ikastolen garaian hasi zen taldea, gerra aurreko jendeak lagunduta», kontatu du Arantza Ugarte Mutrikuko Goizeko Izarra antzerki taldeko zuzendariak. Hogei urte bete ditu aurten taldeak, eta Malen jaietako txupinazoa botako dute gaur. Oso pozik daude, «ohorea baita». «Pregoian antzerkian parte hartzeko gonbidapena luzatuko dugu, falta ditugunak gogoratu eta festak ondo pasatzeko gure gomendioa eman», adierazi du Ugartek.

1993an hasi ziren, baina lehenago ere bazegoen izen bereko antzerki taldea eta baita kultur taldea ere. «Mutrikuko ikastola sortu eta 25. urteurrenean antzerki bat egitea pentsatu genuen». Orduan hasi zen egungo Goizeko Izarra. 30 eta 68 urte arteko jendeak hartzen du parte, 30 pertsonako taldea dira, aktoreak, teknikariak, jostunak... Pasa den astean, atzera begiratua eginez, «Markesaren alaba» antzeztu zuten, herriko jendeari zabaldu zieten gonbidapena eta umeek zein adineko mutrikuarrek parte hartu zuten.

Eguerditik kaleak girotzen

Malen bezpera eguna gaur izan arren, festa egun bat luzatu asmoz, atzo hasi zuten egitaraua txosnen irekierarekin. Gaur, eguerditik hasiko dira martxan herriko gaztetxean. Ostean, zanpantzarrak arituko dira poteoa alaitzen. Atxukalen argazkia atera, eta bazkaria antolatu du Jai Batzordeak merkatu plazan. 18.00etan erraldoiak eta buruhandiak, eta txaranga ibiliko dira herriko kaleetan barrena. Gauean, 22.45ean, txupinazoa botako dute Goizeko Izarrako kideek, eta Mutrikuko jaietan ohikoa den bezala danborrada egongo da ostean. Gauerdian, txosnetatik gaztetxera preso eta iheslarien aldeko kalejira egingo dute, eta brindisaren ostean, bigarren txupinazoa botako dute. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere egongo da bezpera egunean, gaztetxean Altxatu eta Las Tuerkas taldeen emanaldiak egongo dira.

Malen egunean, bandaren kontzertuak eta herri kirolak izango dira nagusi. 18.00etan sokamuturra egongo da; Udalak 16 urtetik beherakoei debekatu egin die bertan parte hartzea. 20.30ean, dantzaldia antolatu dute goiko plazan, Joselu Anaiak taldearekin. Gaztetxean, D-Pintxos eta Hotzikara taldeek kontzertua eskainiko dute.

Asteartean, Umeen Eguna eta Herrira Eguna izango dira. Haurrentzako jokoak egongo dira egun osoan, Egaña frontoian. Errepresaliatuen aldeko herri bazkaria antolatu dute txosnetan. Umeek ere danborra joko dute Mutrikuko kaleak burrunbadaz betez. Gauean, Skasti eta Ingo al deu? taldeek joko dute txosnagunean. Kuadrillen Eguna ospatuko dute asteazkenean, Malen jaietako egun parte hartzaileenetakoa. Izan ere, herriko kuadrilla guztiak elkartzen dira, gazte zein adineko, giro ezin hobean. 13.00etan preso eta iheslarien aldeko parrillada antolatu du Herrirak, eta 15.00etan bazkaria egongo da frontoian. Ostean, kuadrillen arteko olinpiadak, sokamuturra ausartenentzat, eta txosnetan Bad Sound System, Dzaust eta Anai-arrebak.

Mutrikuko jaiak
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo