GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Mendi-lepotik

Orain gutxi udarik ez zela egongo iragarri eta iragarri eta bai zera! geriza ematen duen guztia helburu egun, eguerdi aldera! Tira, beroa bero, elizako arkupea meza nagusiaren amai- eran balitz ere! geriza. Eskandinaviar luze baten atzean ikusi ditut atso txiki batzuk herriko portuaren bueltan. Berotea. Sargoria. Sapa. Bero itogarria. Izerdi flotan. Noiz demontre bueltatu behar da euria, hotza lagun duela? Gauzak horrela, aurton behintzat gauza bat ezinbesteko bihurtu zaigu, aterkia: orain euritakoa, orain guardasola. Uda ikastaro baterako mamia. Hortaz, eguraldiaren aurreikuspen batzuk ekonomiaren aurreikuspen guz- tiak bezalakoak dira. Auskalokoak. Jainkoak berak baleki!, eguraldiaz, esan gura dut. Baina nago ni horretaz ideiarik ez duela, are gutxiago paradisua fiskalek birkokatu ziotenetik. Eta linboa Detroit bezala utzi zuenez gero, zorrak jota. Portzierto, Estatu Batuetako hiritzar horrena ere kolpea gero! Egiptokoa beste! Auto-hondamena izan liteke hitz egokiena hiri hartakoa azaltzeko. Bai horixe! Abiapuntu berria ote? Orain arte hiriak handituz joan dira inguruko landetakoak zentripetoki erakarrita; litekeena da aurrerantzean landak handituz joatea inguruko hiritzarrekoak zentrifugoki aterata. Ikusi-makusi.

Tira, kaligularen harira! Hondartzak zalez makuru. Aparkalekuak autoz beste. Aitor dut, nik mendia nahiago. Hondartzen inguruko mendi-lepoak ditut berotean gustuko. Tropelak aparkalekutik hondartzara egiten duen prozesioa begiz gozatzeko; batzuk tropelaren aurrean ihes betean, beste batzuk morroi lanetan hondartzara daraman aldapan behera. Ume garaiko westernak datozkit halakoetan burura. Paradisu bila joaten ziren hariena, lur-zati baten betiko jabe izatea helburu. Orain harea-zati baten eguneko jabe izan, helburu. Eta ni goitik begira, lumek ematen didaten gerizpetik, indiar. Pentsatzea ere gero, iluntze aldean, berriro ere, bueltako bidea egin behar dutela aparkalekua helburu! Irteera-operazioa eta etorrera-operazioa egunero egin behar izatea ere! Ama, ama!

Eta bitartean, hareak eguzkitan egoteko duen berezko eskubidea zapaldu egiten diote, zapaldu bai.

Eta gaur behintzat, ni ere zapaltzaile! senideen senideek hondartza lehenbailehen gozatu dezaten, beroan izan edo hotzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo