GARA > Idatzia > Euskal Herria

Edukiontzi marroiak elektronikoki kudeatzeko sistema aitzindaria, Zamudion

p015_f01.jpg

GARA |

Hondakin organikoak batzeko irekitze elektronikodun aurreneko edukiontzia aurkeztu zuen ostiralean Zamudioko Udalak. Zaborra biltzeko sistema hobeto kudeatzeaz aparte, herritarrek birziklatzeko erakusten duten lankidetza, kontzientziazioa eta ingurumenarekiko begirunea saritu nahi du.

Azaldu zutenez, ekimen aitzindaria da hau eta Udalak bere kide teknologikoen laguntzaz -Steria Ibérica eta Hurbiltzen Contactless, besteak beste- «herritarren txartela» abian jartzeko garatutako teknologia aplikatzean datza. Txartel hori doan agindu diete 14 eta 85 urte arteko biztanleei. Udal izapideak egiteko balio du, erreserbetarako, kirol eta udal instalazioetara sartzeko giltza elektroniko gisa erabiltzeko, baita duela gutxi irekitako «Jagon Zamudio» herriko gertakarien webgunean sartzeko eta albisteak idazteko ere. Identifikazioa herritarren txartelaren zenbakiarekin eta pasahitzarekin egiten da.

Edukiontzi marroiaren ohiko sarrailaren ordez txartela hurbiltzean aktibatzen den irakurle elektroniko bat ezarri dute, erabilera datuak jakinarazteko eta borondatezko birziklatzea sustatzeko xedearekin. Txartelean bertan -diru-zorro moduan erabil daiteke- herriko saltokietan gastatzeko zenbatekoak jasoko dituzte.

Basaurin, konpost berria

Basauriko Udalak ere ekimen berri bat jarriko du martxan azarotik aurrera: bost edukiontzi ezarriko ditu Pozokoetxen hondakin organikoak gaika biltzeko, eta bertan jasoko dituzten kozinatutako barazki hondarrak konpostatzen saiatuko dira herritarrak lehendabiziko aldiz. Nerea Renteria Lurralde Politikako zinegotziak agertu zuenez, orain arte Bizkaian ezarritako mota honetako ontzietan barazki hondakin gordinak soilik jasotzen dituzte, eta horrek konpostaren kalitatea ziurtatzen du. Basaurin bi eratako hondarrekin probatu nahi dute, gordinekin eta kozinatutakoekin, ea ze kalitateko konposta lortzen duten ikusteko.

Renteriak iragarri zuenez, emaitzak ez badira onak Udalak kozinatu gabeko gaiak biltzea onartuko du bakarrik. Hasieran Pozokoetxe auzoan kokatuko dituzte edukiontziak, populazio dentsitate handiko ingurua delako -ia hiru mila erabiltzaile egon daitezke- eta udalerriaren erdigunean dagoelako. Emaitzen arabera, udal gobernuak zerbitzua herri osora zabaltzea aztertuko du.

Gainera, Europa Press agentziak jasotzen duenez, kubo bat emango diete biztanleei zabor organikoa bereizteko, kaleko edukiontzira eramateko poltsa konpostagarriak ere bai, eta familia bakoitzarentzako giltza bana.

Etxean autokonposta egin ahal izateko, landa eremuko sendiei eta familia bakarreko etxeei -200 pertsona inguru- ekimenarekin bat egiteko aukera emango die Udalak, baita ikastetxeei ere.

Zerbitzua martxan jartzearekin batera komunikazio eta sentsibilizazio plana egingo dute. Urritik aurrera parte hartzeko eta izena emateko bitartekoen berri emango diete biztanleei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo