GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Imanol Unanue Astoreka | Bermeo

Marmokak datoz hareazko hondartzetara!

Rajoyren legea martxan jarriko da; inork ba al daki esaten zenbat milaka lagun izango garen kaltetuak? Eta kaltearen eragina zein izango den? Lasai, udan gaude, orain ez da tokatzen kezkatzea

Batzuentzat «medusak» beldurgarriak izan arren, beste batzuentzat marmokak ohiko udatiarrak izaten dira kostaldean. Nork ez du bada inoiz marmoka galduren baten ziztadarik izan? Beraz, ez gaitezen umeak izan eta ganorazko gauzekin arduratu gaitezen, marmokekin «bizitzeak» ez du arreta berezirik merezi; bai aldiz, Rajoyk asmatu duen lege dekretuak eta egindakoak.

Ez gaitu horrek beldurtzen? Zer esan behar dugu langabeziaz? Edota metaleko hitzarmena ez delako adostu? Ekarriko dituen soldata jaitsierak... agian ez dira gai erakargarriak izango, baina laster, hilabete bi barru, uda joango da, horrekin batera ez dugu jakingo gure hondartzetan marmokarik dabilen edo ez, eta ziurrenik ohartuko gara askok eta askok lanik ez dugula, oraindino krisian murgilduta gaudela eta, zer esanik ez, etxeetan arazoak gehitu egin direla.

Bitxia bada ere, udan denok pozik egoten gara, eguzkia dago, hondartza zoragarriak inguruan eta jaietan sartzen garelako. Beste aurpegi batekin bizi gara guztiok, hori diote behintzat komunikabideek, pozik egoteko arrazoi asko dauzkagula eta kexatzeko gutxi. Eta hara non, egun hauetan ere, beste batzuk ez dira geldi egoten eta gure itsasertzean marmokak agertzen badira ere, sasoi honetan ere Madrilen edo Parisen agintzen dutenek areagotu egiten dituzte erabaki mintsuenak eta gogorrenak herritarrentzat.

Egia esan, izugarria da dena ahanzteko eta, zelan ez, geure burua engainatzeko daukagun kapazitatea. Bizi gaitezke diru barik bizitza osoan eta egonezinean urtean zehar, baina gradu bi igotzen bada tenperatura, eguzkia atera eta herrietako jaiak hasi, dena doa bere onera. Karma? Zoriontasuna? Poza? Edo ondo bideratutako kanpainen eragina? Ziur nago agintariek ez dutela ez eguzkia, ezta itsasoaren tenperatura bera ere, erabilgarri izaten, ez ba, ez dute oraindino naturaren kudeaketa beren esku. Baina, Gobernukoak behar ditugun «gulerien» jakitun dira eta, ohiko mezuetatik aparte, udako lanak ondo egiten dituzte. Zorioneko futbola ematen hasi ziren eta eskerrak Espainiak galdu zuen. Gero eman digute udako modaren berri, jaiak non diren esaten digute eta, hori gutxi balitz, noizbehinka kontatzen digute ze txarto dauden beste herrialde batzuetakoak; uholdeak Txinan, iraultza arabiarra, Siria eta Libanoko gatazkak, gosetea Afrikan... esana, laster bertan izango dugula «Ley de Regimen Local» delakoa, eta guri bost axola!

Marmokak animalia-kolonia politak bezain pozoitsuak izan daitezke. Haien artean ere badaude pozoitsuagoak direnak eta beste batzuk ez horrenbeste. Marmoken etsai nagusiak dortokak, baleak, hegaluzeak eta hegalaburrak izaten dira. Agian, haiek desagertzeak ekarri du marmokak gehitzea gure hareazko hondartzetan. (Haitzetan hori ez da inoiz neurtzen, ezta kontrolatzen ere). Beraz, marmokek badituzte hainbat etsai-kontrolatzaile sutsu, baina aspaldion ez dabiltzanez hemen, arazoak sortzen dira uda guztietan igerilarientzat.

Rajoy eta bere eskuin-muturreko taldekideek, marmoken antzera, egun, ez dute etsai askorik, ez neguan, eta gutxiago udan; bai aldiz, lagun direnak. Halere dakigunez, beraien erabakiak oso mintsuak dira guztiontzat. Baina lasai, udan gaude, krema eman barra-barra eta denok, esaten diguten hondartza seguruetara eguzkia hartzera. Halere, aurretik jakitun gaude 400 kaltetu egon direla, hiru egunetan Hego Euskal Herriko hareazko hondartzetan. Beraz, marmoka madarikatuak dabiltza han eta hemen.

Uda honetan eta uztailean, Rajoyren legea martxan jarriko da; inork ba al daki esaten zenbat milaka lagun izango garen kaltetuak? Eta kaltearen eragina zein izango den? Lasai, udan gaude, orain ez da tokatzen kezkatzea. Adi marmokekin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo