Gauzak txarto egiten «argiak» direla erakutsi dute
Bizkaiko Aldundiak Bizkaitar Argia saria banatu zuen atzo. Aurten indarkeriaren biktimak omentzea izan omen da instituzioaren xedea, nahiz eta herri honetan azken hamarkadetan indarkeria pairatu duten askok eta askok ez duten bere burua islatuta ikusi. Ohikoa bihurtu da, tamalez, biktimen sailkatzea edo batzuk aintzat ez hartzea, eta, alde horretatik, Jose Luis Bilbaok gidatzen duen gobernuak estropezu egin du, nahiz eta mendeku gose ase ezina duten batzuek, PPk kasu, justu kontrakoa leporatu zioten. Edonola ere, eta hau larria izanik, zinez ulertezina da biktimen izenean saria hartzeko hautatua Iñigo Urkullu izatea. Aldez aurretik iragarri gabe, gainera. Omendutako biktima guztiak ordezkatuko lukeen norbait hautatzeko edozein aukeratu zezaketen, baina Bizkaiko Aldundiko buruzagiek Urkulluri eskaini zioten garaikurra jasotzeko ohorea. Eta, horrela, oroimena lantzeko ariketa ona izan zitekeena, ekimen propagan- distikoa bihurtu zuten, alderdi-ekitaldia. Lehendakariaren izaera instituzionala aldarrikatuko dute domina eman ziotenek, baina eurek ere badakite biktimak omendu nahi izatekotan bazeudela aukera aproposagoak.
Bizkaiko Aldundiak eta Urkulluk berak ez dute asmatu jende asko hain modu sakonean jotzen duen gai honetan, eta gauzak txarto egiten oso «argiak» izan daitezkeela erakutsi dute.