GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Bilbo Zaharra biziberritzeko jaiak

Gaurtik igandera jai giro itzela izango dute Bilbo Zaharra auzoan. Ondo pasatzeko ez ezik, beste behin ere aldarrikapenerako izango dira bertako jaiak. Auzo izaera nabarmendu nahi dute, baita dituen hainbat behar ere, kultur etxea kasu. Gazte Eguna izango da gaur, eta iluntzean, Hil Aiari, Bastardos del Rey eta Poliputos taldeen kontzertuak izango dira.

p055_f02.jpg

GARA | BILBO

«Auzoa gara» aldarrikatuz abiatuko dira gaur Bilbo Zaharreko jaiak. Lau egunetan zehar izango da non eta zer aukeratu. Izan ere, jaiei hasiera ofiziala bihar eguerdian emango dieten arren, Gazte Egunarekin abian izango da festa gaurtik. Iturburu plazan ping-pong txapelketa izango da 12.00etan, eta bertan egingo da ondoren, 14.30ean, auzo bazkaria. Arratsaldean, Bilbo Zaharraren eta Alde Zaharraren arteko ur guda egingo dute San Antonen, eta kanpotik ondo busti ondoren, 18.00etan barrua bustitzeko poteoa abiatuko da Bilbo Zaharreko plazan.

Iluntzean, 20.00ak aldera hasiko dira kontzertuak. Gaur hiru talde izango dira: Hil Aiari, Bastardos del Rey eta Poliputos.

Nahikoa lo egin ondoren, Berbena Eguna izendatu dute ostiralekoa. Arratsaldeko 20.00etan jaietako pregoia irakurriko dute Bilbo Zaharreko plazan. Segidan kalejira egingo da Lur Soinuak musika eskolakoekin batera. Txosnaren irekierarekin batera, 21.30ean hasiko dira kontzertuak. Bihar, Las Calavera eta Sua taldeak arituko dira.

Elkartasun Eguna izango da larunbatekoa eta, 15.00etan, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko bazkaria egingo dute. Aurretik, 10.00etatik 14.00etara, artisau produktuen eta auzotarren saltokien azoka bisitatzeko aukera izango da Martzana kaian. Haurrentzako puzgarriak izango dira, baita antzerkia ere. Bazkalondoren, bertso-triki-poteoa egingo dute; 19.00etan, slackline erakustaldia izango da itsasadarrean eta ondoren, kukaña. Larunbat gauerako ere hiru kontzertu programatu dituzte: Burdinkaia, Talde Sorpresa! eta Cherry Boopers.

Igandea kultur etxearen alde egiteko aprobetxatu nahi dute, biziberritzen ari diren espazioaren berri eman eta jendearengana hurbiltzeko. Goizean haurrentzako ekintzak izango dira, baita paella eta tortilla lehiaketak ere, ondoren parte hartzaileek bazkari ederra egiteko. 18.00etan, Socrates-en musikak dantzarako aukera emango du, eta gero, kultur etxearen aldeko sardina-jana eta sari banaketa eginda agurtuko dituzte jaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo