GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen aferan, adostasun bila lan egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hondakinen kudeaketan adostasunak lortze aldera Aldundiak abian jarriko duen dinamikaren berri eman zuen atzo Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak, Gipuzkoa «errauskailuaren ondorengo eszenatokian» dagoela gogoraraziz. Egoera berrira egokitzeko deia egin zuen.

GARA | DONOSTIA

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Gipuzkoako diputatuak hondakinen kudeaketaren gaian adostasunak lortzeko Aldundiak abiatuko duen dinamikaren berri eman zuen atzo, prentsaren aurrean. Ekimen hori dela medio, herrialdeko mankomunitate eta Batzar Nagusietako talde guztietako ordezkariekin bilduko dela iragarri zuen eta harremanak irailean hasiko dituztela argitu zuen. Gipuzkoa «errauskailuaren ondorengo eszenatokian» dagoela adierazi zuen, eta egoera berrian adostasunak «funtsezkoak» izango direla aldarrikatu zuen. «Errauskailua historiara pasatu da eta eragile guztiok egoera horretan aritu beharko dugu», azpimarratu zuen.

Bi ildotan

Bilatu beharreko adostasunak bi ildotan zentratuko dituztela adierazi zuen. Hondakinen bilketa izango litzateke bata, eta azpiegituren esparrua bestea. Bilketari dagokionez, gehiago birziklatzearen inguruan adostasuna badagoela aldarrikatu zuen. «Indar politiko guztiek onartzen dute 2016rako hondakinen %60 birziklatu behar dela», adierazi zuen.

Azpiegituren esparruan, aldiz, errauste plantaren inguruan azken urteetan piztu den eztabaidak gainerakoen inguruan dagoen adostasuna «ezkutatu» egin duela salatu zuen. «Alderdi politiko guztiek onartzen dute konpostatze plantak, tratamendu mekaniko-biologikorako plantak eta biometanizazio plantak behar ditugula Gipuzkoan», aldarrikatu zuen.

EAJk, bere aldetik, «gipuzkoarren gehiengoari bizkarra ematea» egotzi zion Bilduri, baita herritarrak «nahastu» eta konponbidea «arazo» bihurtu izana ere. «Errealitatetik oso urrun daudela agerian utzi dute», gaineratu zuten jeltzaleek.

Orokorrean ados

Iñaki Errazkinen arabera, %80an daude ados alderdi guztiak hondakinen aferan. Horregatik, gauzak ondo egiteko «urrats sendoak» egitea aldarrikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo