GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Erosoago

Irati JIMENEZ Idazlea

Ni ere aztoratu naute sanferminetako irudi horiek. Gizonen saldoa emakumearen jantziei tiraka. Sangriak odola dirudi. Emakumeari ez diogu aurpegia ikusten, baina plazan zezenak duena imajinatu diot. Baten batek galdetu du; «Eta gustura bazegoen? Ez ote du emakume batek egoera hori aukeratzeko eta gozatzeko eskubiderik?». Ez da galdera txarra eta jakina baduela.

Argazkiak, ostera, bestelako mamuak astintzen dizkit niri: kostatzen zait jendeari beldurra galtzea eta konfiantza hartzea. Are gehiago, gizonei. Emakume askori gertatzen zaigu. Nire inguruko amek esan didate, lagunek, alabek, arrebek, amonek. Gizonek beldurtu egiten gaituzue.

Desberdin hazi gaituzte edo desberdin izateko jaio gara. Batera edo bestera, desberdinak gara. Egoteko eskatu zaigu guri, egiteko zuoi. Plaza berean bizi garen piztia ezezagunak gara elkarrentzako eta emakume askori gizonek beldurra ematen diguzue. Beldur hori astindu zait sanferminetan.

Baina... eta ze baina garrantzitsua den...

Baina hori guztia esanda, esan dezadan, emakume sanferminzale moduan, inon eroso sentitzen banaiz ezker abertzaleko jaigune eta giroetan dela. Zintzotasunez diot, harro, egiteko dagoen bide luzetik begirada kendu gabe. Gure tabernetan, txosnetan, bazterretan libreago naiz, erosoago nago, zainduago, ulertuago, parekideago. Esateko gogoa neukan, bihotzez diodalako eta Nabarrerian edo antzeko lekuetan eraso sexisten aurkako kartel haserretuak ikusten ditudanean neure buruari galdetzen diodalako ez ote dauden lekuz kanpo edo, gutxienez, tonuz kanpo.

Ez gara feminismo perfektuan bizi, baina egin dugu bide bat, merezi dugun hiritar parekideen nazioa eraikitzeko, eta bide hori onartzeko tarteak behar ditugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo