GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Baionako bestak

Herriko giltzak balkoitik behera jaurti zituzten, bestei atea irekiz

Milaka lagun bildu ziren atzo Baionako udaletxe aurrean, gaueko hamarretan, herriko besten hasiera ofizialean. Giltzak bota bezain laster hasi ziren jaiak. Herritarrek ez zuten gaueko zeremoniaren zain egon nahi izan, eta Lapurdiko hiriburuan goizetik nagusitu zen besta giroa.

p051_f01_152x120.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Nola pentsa daiteke, egun eguzkitsu zoragarri batekin, herritarrek arratseko hamarretara arte itxarongo dutela jai giroan murgiltzeko? Atzo, berriz ere, bestak egun batez aurreratzeko gogoeta noizbait abiatu beharko den ustea zabaldu zen Baionako karriketan. Nolanahi ere, kirola egin eta ongi jan, horiek izan ziren lehen eguneko egitarauaren elementu nagusiak, hots, jaia ongi hasteko beharrezkoak diren bi faktoreak.

Goizeko zortzietatik goiti 4.600 gizon eta emazte elkartu ziren Biarrizko Euskaldunen hondartzan urteroko bestazaleen lasterraldian parte hartzeko. Lehiaketak inoiz baino arrakasta handiagoa bildu zuen, antolaketan arazo zenbait eraginez.

Abiatzean izandako jende pilaketak sortu zituen gehienbat arazoak, eta lehiakideen emendatzea ikusirik, datorren urteari begira, irteera bakarra egin beharrean bi egiteko asmoa azaldu zuten antolatzaileek.

Datorren edizioko antolaketan izango diren berrikuntzak bazterrera utzita, korrikalariek izan zuten izerdia eta toxina guztiak botatzeko aukera atzo goizean.

Lionel Petriacq izan zen lasterketan garaile, 12 kilometroak 39 minutu eta 37 segundoan eginez. Baionarra bera izan zen aurreko lau edizioetan ere irabazlea, eta atzo bere nagusitasuna azaldu zuen berriz ere, bigarren sailkatua bost minutu gibelean utzi baitzuen.

Bederatziak jota ziren lehen korrikalariak helmugara iritsi zirelarik, baina hamarretara arte itxaron behar korrikalarien parte handiena Santespirituko zubia zeharkatzen ikusi ahal izateko.

Kirolaren ondotik, besta giroari heltzeko ordua iritsi zen. Han eta hemenka ikusten ziren bestazaleen lasterketan ibilitako korrikalariak pote bat hartzen, edo munduko piper moleta hoberenaren Lehiaketan biper tortilla zati bat jaten.

Batzuek kirolari ekiten zioten bitartean, beraz, besteek txapelketa horretan janez eta edanez hasiak zituzten bestak. Orotara, hogeita hamahiru elkartek edo peñek parte hartu zuten; hala nola Ttipi-Ttapa, Buhamiak abesbatza, Peña Azul, Ardukari, Peña Idiak, Beti xutik, Ibaialde, Pottorroak, Atxik Baiona edo Jamón Jamón elkarte edo peñak.

Goizean hasiak zituzten sukalde lanak, eta eguerdirako omeleta guztiak lehiaketarako prest izan behar zituzten parte-hartzaileek, eta tortillak aurkezterakoan elkarteek landutako apainketa bereziak zituzten gehienbat goraipatu antolatzaileek. Ibaialdek traineru eder bat egina zuen, eta Errobi Kanta abesbatzak berriz, orga bat. Gela ttiki peñak beren tortilla gaurkotasuneko gai batekin lotzea erabaki zuen, Arrangoitzeko ezkontzaren inguruan izandako polemikaren parodia eginez.

Jai hasiera ofiziala

Baionan aspalditik besta giroa zen nagusi, jaien hasiera ofiziala arratseko hamarretan egin zelarik. Milaka lagun elkartuak ziren Leon erregearen lehen iratzartzea ikusteko, eta bereziki, herriko giltza ospetsua nork botako zuen jakiteko.

Xumai Murua bertsolariak izan zuen, hamarrak laurden gutxitan, gaualdiko lehen hitza bertso baten bidez eskaintzeko aukera. Bestei ongietorria emateaz gain, Muruak beroan bero bota zuen bere bertsoa, euskararen presentzia aldarrikatuz eta besta zoriontsuak opatuz bertan ziren milaka lagunei.

Gaskoiaren txanda iritsi zelarik, Natasha St-Pier kantari quebectarrak bota zuen bestan murgiltzeko deia herriko balkoitik. Ondotik, kirolariek eta zinemagile ospetsuek bota zituzten giltzak balkoitik, urteroko «bonne fête à tous» (besta on denoi) dei zabalduz. Baina, besta behar den bezala hasteko Leon erregearen lehen iratzartzeari itxaron behar izan zioten guztiek. Animoak eman ondoren, su artifizialekin batera, erregea estaltzen zuen erridaua erori egin zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo