GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Ustelen zigorgabetasuna bermatzeko urratsak

Kaka alfonbraren azpian sartzeko determinazioa hartu du norbaitek. Batzuek jada mahai gainean jarri dute PSOE eta PPren arteko inpunitate-itunaren hipotesia. Ikusiko dugu, baina sintomak argiki mintzo dira

Espainiar estatua ezagutzen ez duen norbait harrituko litzateke ustelkeriaren ingu- ruan espainiar Auzitegi Gorenak agerrarazi duen joeraren aurrean. Izan ere, egun gutxitan Jose Blanco PSOEko buruzagia absolbitu, Jaume Matas PPren ministro ohi eta Balear uharteetako presidente ohia kartzelatik salbatu, eta trama nafar-españolistaren kontrako auzia bertan behera utzi: ez da nolanahiko bilana!

Guk ezagutzen dugu espainiar estatua. Nekez espero genezakeen bertako epaileek espainiar Estatuaren ustelkeriari indar oroz aurre egitea. Azken batean, egoera honetara iritsi bagara, besteak beste, epaile horiek eurek beste aldera begiratu dutelako izan da.

Inpunitatearen ondorioak izan dira ustelen balentriak, inpunitateak ausartago bilakatu dituelarik.

Iskanbila itsusienetatik zigorrik gabe aterako zirela sinetsita ibili dira ustel asko, oso lasai gainera, ustelkeria batetik bestera jauzika.

Iruñeko Auzitegiko epaileak Yolanda Barcina CANen auzian sartu bezain laster aipatu zen, esaterako, Madrileko epaileak izan zitezkeela, fiskalen bide bera jarraituz, trama nafar-españolistaren laguntzaile finenak. Izan ere, ustelkeria estatu afera bada, Nafarroa ere bai. Eta ergelenak ere badaki zer gertatzen den halakoetan: estatuaren lehentasuna bere burua zuritzea da.

Estatuaren helburua zehazten delarik, akabo komeria! Akabo legearen aurreko berdintasunaren irudia, akabo botereen arteko bereizketaren itxura. Ustel batzuk zigortzen dira ustel gehienak eta, bereziki, handienak libratzeko, eta kitto! Ez dago besterik. Itsusia izanen da, jakina, jende asko jabetuko baita. Operazio zikina izanen da, eta estatuaren beraren sinesgarritasuna urratuko du, baina besterik ez badago, eginen dute, zalantzarik gabe.

Estatuaren joera nagusia estatua izaten jarraitzea da. Azkenean estatua indar korrelazio zehatzaren kristalizazioa da, eta indar nagusiek ez dute beren nagusitasuna galdu! Egoera honetara iritsita, estatuaren etorkizuna kolokan jarrita, neurri gogorrak behar dira, eta sakoneko aldaketa baztertuta, aukerak ez dira asko.

Espainiar estatua ezagutzen dugu, baita espainiar epaitegien lan erritmoa ezagutu ere. Horregatik, esanahi argia dauka espainiar epaitegi gorenak hartu duen bizkortasunak, noiz eta abuztuaren atarian. Kaka alfonbraren azpian sartzeko determinazioa hartu du norbaitek. Batzuek jada mahai gainean jarri dute PSOE eta PPren arteko inpunitate-itunaren hipotesia. Ikusiko dugu, baina sintomak argiki mintzo dira.

UPNkoak, orain, Madrilgo lagunen kapotea baliatuz, harroputz dabiltza. Egia esan, alderdi horren irudia garbitu baino Auzitegi Gorenak bere burua gehiago zikindu du. Zikinkeria irentsi dute, estatua bera ustelduta dagoela adieraziz.

Izan ere, estatu ustelek ez dute ustelkeria babestu besterik egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo