GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Donostiako Aste Nagusia

Donostia osoa abordatzeko adina ekitaldi dituzte Piratek

«Parte hartuz, donostiarron sareak josi!» lelopean, Donostiako Piratek prest dute abuztuaren 10ean abiatuko den Aste Nagusirako egitaraua. Kontzertu eta DJ eskaintza zabala izango da gauero. Nobedadeen artean, bigarren urtez egingo den Abordatze Txikia arrapalara pasako dute aurten. Abordatze nagusia, berriz, abuztuaren 12an izango da.

p053_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Egunero kontzertu eta afariak, haurrentzako jolasak, Donostiako Aste Nagusiko ikur bilakatu den Abordatzea, erromeria, kuadrillen arteko jolasak, lehiaketak... Urtez urte gero eta egitarau biribilagoa aurkezten dute Donostiako Piratek eta aurtengoa ere bete-bete dator. «Parte hartuz, donostiarron sareak josi!» lelopean, saiakera berezia egingo da Zero Zabor filosofiarekiko konpromisoarekin, bai gaikako bilketan nahiz plastikozko baso berrerabilgarriekin eta baita Abordatzeko materialekin ere.

Abuztuaren 12an izango da Abordatzea eta itsasoa kutsatu dezaketen bidoi eta antzekoak debekatu egingo dituzte. Egunean bertan urtetik urtera berrerabil daitezkeen poltsak jarriko dituzte eskuragarri kaian bertan. Iltzeak ere ezingo dira erabili. Parte hartzeko abordaia@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Abordatze nagusia 16 urtetik gorakoentzat izango da, baina txikienek ere izango dute parte hartzeko aukera. Abuztuaren 15ean ospatuko da Abordatze Txikia, aurten gainera, iazko arrakasta ikusita, handiek bezala arrapalan egingo dute. Bertan izena eman nahi izanez gero, piratabihurri@gmail.com helbidera jo beharko da.

Kontzertuak La Flamenkan

Aipatzekoa da aste osorako prestatu duten kontzertu eskaintza anitza. La Flamenkan talde bat edo bi izango dira gauero: 3gabe2 (abuztuak 10), Willis Drummond eta Blaka (11), Bad Sound System, Talko eta Non Servium (12), Gose eta Kasernarat -azken hauek musika lehiaketako epaimahaiaren saria eskuratu zuten- (13), South Central eta DJ Tin Tin (14), Juantxo Skalari Kluba eta Besteikpe -musika lehiaketan publikoaren saridunak- (15), Itziarren Semeak eta Gora Herria (16), Tajon Prieto y los Kuajolotes -hauek Trinitate plazan arituko dira- (17) eta Sen eta We Are Standard (17). Bestalde, Nautikoan DJ Gunea jarriko da eta emanaldiak izango dira gauero.

Eskifaiako kuadrillen banderen aurkezpenarekin abiatuko dute Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusia. Hasiera indartsua iragarri dute. Zuloaga plazan egingo den piraten lehorreratzearen ondoren, 1813ko donostiarrei eginiko omenaldian parte hartuko dute Abuztuak 31 kalean, 1813 Donostia Sutan elkartearekin batera, eta Ezkilari eta Mattiri kaian ongi etorria egin ondotik, txupinazoa izango da La Flamenkan.

Egunero afari girotua egingo da Trinitate plazan. Egitarau zabal horretan, azpimarratzekoak dira argazki rally herrikoia eta Urgullen egingo den erromeria (abuztuak 11), Kuadrillen Eguna (16), Saguesen egingo den surf ikastaroa (17), edo Bilbo, Iruñea, Baiona eta Gasteizko lagunei egingo zaien harrera (13).

Jaien amaiera ere, 2006az geroztik egiten duten moduan, jai giroan ospatuko dute Irrikitaldiarekin. «XIX. mende amaierako Belle Epoque-ari eta duela bi hamarkada arte hiriko agintariek ospatzen zuten salbe meza eta prozesioari irri egitea du helburu», azaldu zuten atzo. Erritu «atzerakoi» honi buelta eman eta donostiarrei azken egunean beren jantzi ponpoxoenekin ateratzeko deia egiten diete.

Egitarau osoa eta ekintza ezberdinetan izena emateko informazio guztia www.izanpirata.info helbidean dago eskuragarri.

Guztiaz hitz egiteko eta bizilagun, agintari nahiz eragile ezberdinei egitarauaren berri emateko, bilkura irekia deitu dute abuztuaren 3rako; oraindik zehazteke dute lekua.

Donostiako Aste Nagusia
Su Artifizialen Nazioarteko lehiaketak 50 urte eta aldaketak araudian

1964an ospatu zen Donostiako lehenengo Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa. Europako zaharrena da eta dagoeneko mende erdi bete du. Hori ospatzeko, Alderdi Eder pasealekuan urte hauetako kartelak, prentsa albisteak, argazkiak... biltzen dituen erakusketa jarriko dute. 50. lehiaketa zenbait aldaketekin iritsiko da Europako araudiak hala aginduta. Nerea Txapartegik, udaleko kultura arduradunak azaldu zuenez, Europatik datozen pirotekniek Estatu espainolean homologatutako materiala erabili beharko dute eta ezingo dute, beraz, euren material propioarekin parte hartu. Pirotecnia Zaragozanak zabalduko du lehia abuztuaren 10ean, duela 50 urte Urrezko Maskorra eskuratu zuen berak. Hurrengo egunetan Grupo Luso Pirotecnia (Portugal), Astondoa Piroteknia (Bizkaia), Pirofantasia (Valentzia), Ip Innovative (Alemania), Ricasa (Valentzia) eta Foti International Fireworks (Australia) igaroko dira. Abuztuaren 17an ikuskizun piromusikala eskainiko du Pirotecnia Europlak (Valentzia).

Lehiaketa iragarriko duen kartela ere atzo aurkeztu zuten. Jorge Ignacio Davila izan da irabazlea eta bertan hiru ezaugarri bildu nahi izan ditu: suak, izozkia eta hiria. Kursaaleko zubiko farola erabili du izozkiaren bolaren ordez.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo