GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTk sortzen dituen kalteak salatzen ari dira bizikleta martxa desobeditzailean

Altsasutik abiatu zen ostegunean Mugitu!-k antolatu duen bizikleta martxa desobeditzailea. AHTk sortzen dituen kalteak gertutik ezagutzeko aukera izaten ari dira. Martxa Donostian amaituko dute.

p017_f03.jpg

GARA | ALTSASU

Eguzkiari eta beroari aurre eginez, ostegunean ekin zioten 40 lagun inguruk Altsasun AHTren kontrako bizikleta martxari, Mugitu!-k antolaturikoa. Irteera ekitaldian Sakanako txalapartariek jo zuten, txapliguak bota zituzten eta AHT luze bat irudikatzen zuen plastiko zinta bat bitan moztu zuten inaugurazio ekitaldietan agintariek egiten duten bezala. AHTren egitasmoa arbuiatzea zen parodia honen helburu.

Altsasutik irteterakoan guardia zibilek geldiarazi zituzten parte-hartzaileak, martxaren erritmoa atzeratuz. Olatzagutira iritsi baino lehen, hondakinen errauskailu izan behar duen porlan lantegiaren aurrean, 3Mugak Batera kolektiboko kide batek egitasmo honen aurkako hitzaldi laburra eskaini zuen.

Garaion bazkaldu ondoren, Fracking Ez Araba taldeko kide batek jarduera honen kalteak azaldu zituen. Zalduondon Bernardo Atxaga idazleak duen etxera jo zuten. Bertan, elkarretaratzea egin zuten idazle hau «Euskal Hiria» ideiaren bultzatzaile intelektual gisa publikoki askotan agertu izan delako. «Euskal Hiria atxagakeria» oihukatu zuten bertaratuek.

Arratsaldean AHTren lanak ikusi zituzten, Urbina herri enblematikoa bisitatu zutelarik. Bertan, Arabako herri honetako biztanleek AHTren aurka erakutsi duten irmotasuna eta zintzotasuna saritu zuten. Omenaldian, herriko sarreran dagoen monolitoa inauguratu zuten, bertsolari baten laguntzaz. Ondoren, Legutiora jo zuten txirrindulariek Sebastopoleko dantzariak ikusteko. Atzo, berriz, AHTk kaltetutako Aramaiora eta Angiozarrera jo zuten martxa honetako parte-hartzaileek.

Aramoiko Azkoaga auzoan AHTren lanetan sartu ziren eta inguru honetan «munduko bidegorririk garestiena» egin dutela salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo