GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Gipuzkoako Lehen Mailako finala

Azurmendik oinbikoetan auzia erabakita utzi du

Joseba Otaegi lehen zatian aurretik ibili zen, baina lehenbiziko oinbikotik aurrera behera egin zuen.

p034_f01.jpg

Jon LEUNDA

Iñaki Azurmendik irabazi zuen atzo Mendaron Gipuzkoako Lehen Mailako txapela, eta erabateko nagusitasunarekin lortu zuen, gainera. Bost aizkolari ziren lehiatzekoak, baina Unai Otaño min hartuta dago, eta ezin izan zuen parte hartu. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen. Jendetza batu zen finala ikustera.

Norgehiagokak emozioa lehen zatian bakarrik izan zuen. Aurreneko enborra, kana-erdikoa, Azurmendik bota zuen, baina ondoren Otaegik aurre hartu zion, eta bosgarren enborrera bitarte horrela joan zen, baina lehen oinbikoan berriro ere Azurmendik gain hartu zion, eta aldea handitzen joan zen. Otaegi betetzen hasi zen, eta Olasagasti gainera joan zitzaion. Zazpigarren enborrerako garbi zegoen txapela zeinek jantziko zuen, baina bigarren posturako zegoen orduan emozioa, baina Igeldokoak Zizurkilgoa harrapatu eta pasatu zuenean, ihes egin zion, bigarren postua ere erabakita utziz.

Mujika, berriz, ia beti azkeneko postuan aritu zen, eta amaierara arte ez zen hortik irten. Orain zein jaitsiko den jakitea falta da, Federazioak oraindik nola egin ez baitauka erabakita.

Nafarroa

Elizondon bihar, trontzalariekin batera, Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatuko da. Bertan, Vicente II.a, Mieltxo Mindegia, Etxeberria, Etxeberria II.a eta Goñi neurtuko dira. Bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki beharko ditu. Lehen biek lortuko dute Bigarren Mailara igotzea. Faboritoak aipatzerakoan, Iker Vicente, finaleko gazteena, eta Mieltxo Mindegia, Miel Mindegiaren semerik gazteena izango dira.

Iazkoa

Joseba Otaegik lortu zuen iaz txapela, eta atzo ere lehen zatian aurrena ibili zen, baina zizurkildarrak ezin izan zion abantailari eutsi, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Jendetza

Mendaroko pilotalekuan sekulako jendetza batu zen finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Harmailak bete egin ziren, eta baita pilotalekuan zehar jarri zituzten eserleku guztiak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo