GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Gurasoak poltsikoan

p048_f01.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Michel Van Zeveren ilustraziogintzan hasitako egilea dugu. Belgikan sortua, ilustratzaile hau bere istorioen idazle izatera pasatu zen eta hamaika lan egin dituen arren hauxe da bere estreinako lana euskaraz.

Idazkera sinplearen bidez, oso testu gutxi erabiliz, ilustrazioaren laguntza paregabearekin egileak istorio bizi eta interesgarria lortu du. Susik astelehenetik ostiralera txango bat dauka eskolakoekin eta beldur denez gero gurasoei galdetu die ea berarekin joango diren. «Sagutxo bihurtuko bazinete, maletan eramango zintuzketet», proposatzen die Susik, eta proposamen zoroa dirudiena errealitate bihurtzen da. Susiren gurasoak sagutxo bilakatu eta alabarekin pasatuko dute astea landa eskolan.

Kontakizunean zehar Susiren egonaldia ezagutuko dugu, baina, batez ere, alaba eta gurasoen arteko harreman ezkutuaren lekukoa izango da irakurlea. Nola ibili behar duten landa eskolako katuarengandik ihesi, ikaskideengandik, monitore eta gainerakoengandik... eta nolako larrialdi eta estualdiak bizi dituzten Susik eta amak (hau sagu bilakatuta) aita desagertzean.

Irakurleak istorioa ederki jarraitzen du hitzen eta irudien bidez; lehenak sinple eta laburrak badira, bigarrenak errealistak eta iradokitzaileak ditugu, irakurle-ikusleak irudimena berpizteko. Gainera, liburua di-da batean irakurtzen diren horietakoa dugu, gertakariz betea, oso sinplea dirudien kontakizun entretenigarria sortuz. Lehen pertsonan kontatuta egoteak irakurlearen identifikazioa bilatzen eta lortzen du, Susiren ikuspegitik narraturik baitago guztia, eta neskaren beldurrak, ausardia, maitasuna... eta umorea ere gertutik jarraitu ahal izango baititugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo