GARA > Idatzia > Kultura

Algortan, kuadrilla onenaren bila

Jaien hasierarekin batera, algortarrek lehiarako grina ere ateratzen dute. Hala, lehen ordutik bertatik hasi ziren kuadrillen arteko lehiaketarekin. Atzo hasi eta asteazkenera bitarte, zortzi probaz osatutako txapelketak erabakiko du aurtengo kuadrilla irabazlea.

p053_f02.jpg

GARA | ALGORTA

Arratsaldeko seietan dena prest zen atzo Algortako jaiei hasiera emateko. Algortarrak, osteguneko paella janaren ostean, festarako ongi berotuta zeuden, eta, hala, txupinazoarekin atsedenik gabeko bost eguni ekin zieten. Aurten, pregoia Hor Dago Koska kuadrillakoek bota zuten, hau da, iazko kuadrillen arteko lehiaketako garaileek. Beste behin, txapelketak jaietako egitarauaren tarte garrantzitsua hartuko du aurten ere. Lehiaketa hutsa baino askoz gehiago da. Izan ere, lagun talde gazteak bertan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera bultzatzen ditu, ongi pasatzeko aukera emateaz gain. Horrek, bizilagunen arteko elkarbizitza eta ezagutza errazten du, bertan sortzen den giro bikainaz aparte.

Txapelketak zortzi proba izango ditu, bost egunetan banatuta. Atzo, txupinazoaren ostean, Txiki Otaegi plazatik kuadrillen jaitsiera egin zen, lehian izena eman duten kuadrillentzako derrigorrezko lehen proba. Jai giroan, kuadrilla bereko lagunek eta aurkariek bat egiten dute, une oso bereziak biziz.

Gaur eguerdian, bigarren probari egin beharko diote aurre. 12.30etik aurrera, kuadrillek mozorro kros batekin atzo gauean hartutako gehiegizko kaloriak erretzeko aukera izango dute. Askorentzako lehen parranda gauaren ostean ohetik jaikitzea izango bada ere gogorrena, ajearekin krosa burutzea ere ez da erraza izango. Xamurragoa suertatuko da asteleheneko lana. Izan ere, hirugarren proba gozatzekoa izango da sufritzekoa baino. Lagun taldeek txosna gunean tortilla txapelketa batean hartuko dute parte, festa egun berri bati ongi ekiteko indarberritzeko asmoz.

Arratsaldean, behin sabela ongi beteta eta egarria ondo baino hobeto ase ostean, lotsa galtzeko unea iritsiko zaie. Ahotsik izango duten bermatuta ez dagoenez, playback txapelketa egingo dute. Astearteak hiru proba hartuko ditu: goizean goitibehera jaitsiera izango da, eguerdian beste bazkari dastatze bat egingo dute eta arratsaldean dantza eta saltoka jaitsiera egingo dute hondartzara. Asteazkenean, azkenik, garailea erabakiko da. Ordurako geratuko zaizkien indar apurrekin herri kirol probei egin beharko diete aurre kuadrillek.

Probak amaituta, kuadrilla berri bat izendatuko dute 2013ko San Inazio jaietako garaile. Urtebete izango dute herritarren artan harro-harro azaldu eta lagunei adarra jotzeko.

Hernaniko Sanjoanak
Algortako jaiak
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo