GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Katxuma Matxuma

Benetakoak diren surflariek, egiaz garrantzitsuak diren gauzak gauzak ez direla dakiten horiek, Katxuma Matxuma gurtzen dute eta bizitzan behin desio bat eskatzen diote. Hamar urteren ostean mutiko batek ikastaroa errepikatu du eta azken egunean honakoa esan dit: «Aurten ez duzu Katxumaren ipuina kontatu». Mutikoak hogei urte ditu eta nire idolo berria da.

 

Antzinako Polinesian, irla batetik bestera joateko erabiltzen zituzten zurezko taula handiak. Uharte batean ez zen fruitua auzoko uhartetxoak izan zezakeen, eta, haien arteko distantzia handia ez zen lekuetan, batera eta bestera ibiltzen ziren jaki goxoenak prestatu nahi zituzten biztanleak. Urertzera iristean, harea zurizko hondartzetan desagertzen ziren olatuak hartzen zituzten. Horrela sortu zen surfa.

Uharte handienek erregeak izan ohi zituzten, eta erregeen alabak, 20 urte bete arte, surf egitera joaten zirenean bakarrik ikusten zituzten herritarrek. Erregeen alabek ez zeukaten beren adinekoekin egoteko eskubiderik eta une oro hiru gizon izaten zituzten inguruan, erregina gisa zegozkien erantzukizunak beteko zituztela bermatzeko.

Erregina batek posta sistema bat asmatu zuen. Txikotan mezuak gordetzeko atal ezkutu bat eraiki zuen, eta, horrela, gustuko zuen lagunarekin batera olatu bat hartu eta erortzen zenean, harekin txikota aldatu baino ez zuen egin behar zita klandestinoa antolatzeko. Kanpoan zelatan ziren bizkartzainek, noski, ez zuten ezer ikusi behar.

Ordutik, txikota guztiek mezuak gordetzeko ataltxoa dute. Egun ez dira erreginak, ordea, Ozeano Bareko irletan. Gizon zuriak Hawaiiko errege guztiak garbitu zituen eta haiekin batera polinesiarrek antzinatik indarrean zituzten ohitura guztiak desagertu ziren. Haien jainkoa zen itsasoak, ordea, hor jarraitzen du. «Katxuma Matxuma», olatu mezulariak, ez du indarrik galdu.

Benetako surflariek, egiaz garrantzitsuak diren gauzak gauzak ez direla dakiten horiek, Katxuma gurtzen dute eta haien txikotan duten zulotxoa bizitzan behin desio bat eskatzeko erabiltzen dute. Erreginak bezala, letrarik gabe, marrazki bidez adierazten diote Katxumari zer nahi duten. Baina kontuz, desioak zerbait egiazko behar du izan, inoiz ez da eskakizun materialik egin behar, Katxuma iraintzea litzateke-eta. Desioa bete egiten da.

Honako hau, goitik behera asmatutako istorio bat da. Aspaldi sortu nuen olaturik ez zen egunetan haurren arreta neureganatu eta bide batez bestelako zenbait ikasgai haienganatzeko. Egia esan, inoiz ez dut istorio bera kontatu, beti gehitu edo kentzen diot zerbait, baina gauza bat argi dago: hitzon atzean ez dago egiazko datu bakar bat bera ere. Haurrei, istorioa kontatu aurretik «sekretua» inori ez diotela kontatuko dion paper bat sinarazten diet. Batetik, haiek inpresionatzeko, eta, bestetik, haien gurasoengandik babesteko, aita-amak, borondate onez ari den beste edonor bezala, etsai potentzial arriskutsuak baitira bai haien seme-alabengana bai haiengana gerturatzen den edonorentzat.

Eta orain, istorio honekin lotuta, kontatu nahi nizuena, aste honetan gertatu zaidan egiazko gertakizuna. Hamar urteren ostean, mutiko batek surf ikastaroa errepikatu du. Agurtzeko ordua iritsi da, zalantza aurpegiarekin gerturatu zait eta honela esan dit: «Haritz, aurten ez duzu Katxumaren istorioa kontatu». Mutiko hau nire idolo berria da. Hogei urte ditu egun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo