GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Sohütak pastoral eder batekin ohoratu du Rene Cassin

Milaka lagunek mukuru bete zuten atzo Sohütan Jean Louis Davant euskaltzainak idatzitako «Rene Cassin» pastoralaren antzezlekua. Eguraldi bikainak lagundurik Sohütarrak elkarteak antolaturiko eguna arrakastatsua izan zen. Nagusiki zuberotarrak, baina Euskal Herri osotik heldutako jendea elkartu zen Sohütan. Bigarren eta azken emanaldia abuztuaren 4an izanen da, leku berean.

p048_f01.jpg

p048_f02.jpg

p048_f03.jpg

Jon GARMENDIA

Zuberoak badu magia berezi bat, batetik Pirinio bazterreko bere paisai ederrek ematen dioten xarma dago, eta bestetik, antzinako ohiturak gorde eta haiek bizi-bizi mantentzeko bertakoek ageri duten prestutasuna. Zer erranik ez heien euskara polit eta goxoak edozeinen belarrira egiten duen distiraz, eta atzokoan nonahi entzun ahal izan zen euskaldunon hizkuntza zaharra Sohütan barrena. Goizean goizik herritarrak harat-honat ikusi ahala antzematen zen Sohütak egun berezi bat bizitzeko eman ziola ongietorria egun eguzkitsuari. 10.30erako elizan bildu ziren pastoraleko arizaleak, Bigarren Mundu Gerra garaia oroitarazten zuten arropak jantzita, eliza bete-bete eta kanpoan herritar anitz, eguerdiko hamabiak emateko ordu laurden falta zela irten ziren elizatik eta karrika üngürüa egin zuten orduan, herritik zeharreko desfilea, 98 arizaleak eta artzainak buru zituztela ardiak. Bazkariaren tenorea heldu zen gero, eta aitzinetik azken entsegu labur bat ikusi ahal izan zen agertokian.

Momentu hori profitatu genuen Sylvie Gastellusarryrekin mintzatzeko. Sylvie aurtengo pastorala antolatu duen Sohütarrak elkarteko kidea da, eta biziki kontent ageri zen hainbeste denboraz landu eta itxaron duten eguna halako giro politarekin heldu zelako: «Ene seme Julenek 4 urte ditu, eta erran behar dut pastoral honek ere bere adin bera duela, Julen sortu bitarteko garaietatik ari garelako pastoral honen prestakuntzan. Enetzat, biziki berezia da gaurko eguna, eta gauza bera heldu den neskenegünekoa (larunbata zubereraz), hilabete luzetako lana da hemen agertuko duguna, gogorrak izan dira aitzineko egunak, urduritasunak eta beste, eta gaur zimiko bat sentitu dut bihotzean, ospatzeko garaia heldu da eta». Komunikazio lanak bete ditu Sylviek pastoralaren karietara, baina antzezle gisa ere aritzen da Rene Cassin oroitzeko emanaldian, Türk andere gisa.

Bazkaritan 500dik gora lagun bildu ziren xapito azpian, eta hura amaitu arau hasi zen pastorala. Rene Cassinen historia bikain laburbiltzen dute aitzin solas gisa kantaturiko lehen peredikuko bertsoek: «Agur, agur jente honak, algarrekila jarriak/ Besta baten gozatzeko, esperantxak ekarriak. Rene Cassin Baionar zen, amaz eta haurtzaroaz/ Ber heinean Nizako zen, aitaz eta gaztaroaz. Zuzenbide legegintzan, ikasle zorrotz izan zen/ Harentako lege oro, jenteen honetan behar zen. Hamalaueko güdükan, kolpatürik izigarri/ Zaurtü, alargüntsa, haurren, zerbütxüko zeikün jarri. Gero gerlari ohien, alkarte handi bat sortüz/ Harez bakearen alde zen, alemanekin hitzartü. Société des Nations deitüan, lan gaitza egin beitzüan/ Hura Estatüen gainetik, epaile nahi zükean. Hitler hein bat ahül zeno, tink etxeki behar zela/ Cassin ez züen sinetsi, eta laster jin zen gerla. Berrogeiko itxesian, De Gaullerengana joanik/ Haren beso exkerra date, gerla güzian zügünik. Gure dreten ageria, jente güzientzat eginik/ Cassinek prestatü züan, haren gogotik da jinik. Gerla gizon famatürik, sobera beita ezagün/ Bakezale bat oraikoan, botzik ohora dezagün!».

Batitte Berrogain Urdiñarben sortua da orain 48 urte, baina badira ia 20 urte Sohütan bizi dela, bera da pastoraleko errejenta berria Alain Guimonekin batera, musikaria da pasioz eta ea zein berrikuntza egin zituzten galdeturik zehatz erantzun zuen: «Nik ez dut uste berrikuntzarik egin dugula erran dezakegunik, azken finean betiko ohiturak eta moldeak dituen kontua da pastorala, amini bat beztitu dugu gure ukitua emanaz noski, gure marka ezarriz». Errejentaren lana zein den galdegin genion orduan, «eszenografia guztiaren ardura dago gure gain, antzeztuko dutenak hautatu, haiek zein pertsonaia antzeztuko duten erabaki, musika eta doinuen egokitzapena... Oro har, horretan aritu gara azken urte honetan, baina baita lehenagotik ere». Berak ere ageri zuen pozaren isla, «berezia da eguna, lan anitz egiten da euskararen alde hemen, guk zuberera zaindu nahi dugu, ez dadin desagertu, eta pastorala horri eusteko manera egoki bat da. Bestetik, gure lana agertu da gaur jendartera, eta funtsean, pastoral honetan bazen mezu sakon bat, bakea, bakearen alde egin behar da saiakera, eta mezu hori zabaltzeak anitz balio du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo