GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega

Garmendia eta Astondoa abuztuaren 24an neurtuko dira

J.L.

Joakin Garmendia eta Irati Astondoa ados jarri dira, eta abuztuaren 24an neurtuko dira. Lekua oraindik erabat zehazteko dago, baina eguna jarri dute. Ordu erdira jokatuko dute, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du garaipena.

Aspaldiko partez emakumezko bat izango da apustu batean. Irati bigarren izan da aurtengo Euskal Herriko Txapelketan, eta nazioarteko eran, berriz, bigarren amaitu zuen Euskal Herriko Liga. Beretzat lehen apustua izango da.

Joakin Garmendia, berriz, segalari beteranoa da. 68 urteko kirolaria, azken urte hauetan nazioarteko eran aritu da, baina desafioa berak bota du, eta bera neurketa hau jokatzeko gogoz egongo da. Alde bakoitzak 600 euro jokatuko ditu dirutan eta seguruenik ere jendetza batuko duen neurketa izango da.

Segalaritzan urte honetan jokatuko den apustu bakarra izango da, orain arte ez baitago besterik hitzartuta, eta, tartean aurpegi berriak ere badaudenez, zaleek ez dute hutsik egingo.

Sokatira

Goiherri taldeak denboraldiko laugarren txapela ere segurtatua utzi zuen herenegun, 580 kiloko bigarren jardunaldia ere irabazi egin baitzuen.

Erandioko taldeak ez zuen hutsik egin bigarren jardunaldian ere, besteen gainetik dabilela erakutsiz, eta aurtengo denboraldia txapel guztiak jantzita amaituko duela garbi utzi zuen.

Gaztedi A taldeak ere bigarren postua segurtatuta utzi zuen, bigarren jardunaldian ere bigarren postuan amaitu baitzuen. Berak izango luke Goiherriri txapela kentzeko aukera, baina horretarako azkeneko jardunaldian irabazi, eta Goiherrik laugarren amaitu beharko luke, eta, gauzak nola doazen ikusita, hori gertatzea sekulako miraria izango litzateke. Hirugarren posturako oraingoan Goiherri B taldeak aurre hartu zion Mutrikuri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo