GARA > Idatzia > Mundua

Hun Sen lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu Kanbodiako hauteskundeak

GARA | PHNOM PENH

Ez da inolako ezustekorik izan Kanbodiako hauteskundeetan eta egun agintean dauden politikariek beraiek jarraituko dute agintean hemendik aurrera ere. Hun Sen lehen ministroaren CPP Kanbodiako Herriaren Alderdiak 68 eserleku lortu zituen atzo egindako hauteskundeetan, eta oposizioko indarrek eratutako Kanbodia Erreskatatzeko Alderdi Nazionala koalizioak 55 besterik ez. Parlamentuak 123 eserleku ditu orotara, eta, beraz, aurkeztu ziren gainerako alderdi politikoak ordezkaritzarik gabe geratu dira.

Agintean aldaketarik egongo ez bada ere, oposizioko koalizio nagusiak gorakada nabarmena izan du. Izan ere, aurreko hauteskundeetan 29 ordezkari lortu zituen Parlamentuan, eta, atzo, 55.

Iruzur salaketak

Khie Kanharith Informazio ministroak eskaini zituen datu horiek sare sozial batean, eta geroxeago Phay Siphan Ministro Kontseiluko eledunak baieztatu egin zituen, nahiz eta garbi utzi nahi izan zuen emaitzak ez direla oraindik ofizialak. «Hori da nik entzun dudan datua, bai. Zuzena da informazioa», adierazi zuen, kazetariek Kanharithek emandako datuak baieztatzeko eskatu ziotenean. Emaitza horiekin CPP alderdiak Gobernuan bakarrik jarraitzeko aukera izango du, Kanbodiako Konstituzioaren arabera Exekutiboa eratu ahal izateko nahikoa baita gehiengo sinplea.

9,6 milioi herritarrek zuten botoa emateko eskubidea. Aipatzeko moduko istilurik ez zen izan, baina oposizioak zein nazioarteko begiraleek irregulartasun ugari izan zirela salatu dute.

Kanbodia Erreskatatzeko Alderdi Nazionala izeneko koalizioa Sam Rainsy Alderdiak eta Giza Eskubideen Alderdiak eratu zuten, aurreko hauteskundeetan bien artean lortu zituzten 29 eserlekuak gainditzeko helburuarekin. Helburu hori bete dute, baina Hun Sen kargutik kentzeko indarrik ez du oraindik oposizioak.

Galtzaileek salatu dutenez, herritar asko botoa eman gabe geratu ziren beren izenak erroldan ageri ez zirelako. 1,25 milioi lagun geratu ziren bozketan esku hartu ezinik, Hauteskunde Libre eta Justuen Aldeko Batzordearen arabera. Horietako batzuek bi ibilgailu militarri eta hauteskunde batzordearen beste bati su eman zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo