GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Lagunak

 

Jon GARMENDIA | Idazlea

Orain egun batzuk idatzi nuen aspaldi ikusi gabeko ezagun batzuekin ezustean egin nuela topo, eta zeintzuk ziren oroitzen banuen ere, ez nuela haien izenak kolpean oroitzeko gaitasunik agertu. Bueno ba, atzokoan, aspaldi ikusi gabeko lagunei buruz idazteko parada suertatu zitzaidan Zuberoako lurretan, Sohütan. Eta kuriosoa da, ez dakit haiek nola aurkeztu behar dizkizuedan, benetako lagunak ditudala erranen nizueke, lagun minak bestela, edo bihotzeko lagunak nolabait. Baina finean, ez dut adjektiboa jartzea maite, hau da, lagunak lagun izan behar du, eta horrekin aski behar luke zertaz ari garen jakiteko. Zertarako dira «benetako», «bihotzeko», «hurbileko» edo «egiazko» adjektiboak? Halakoak ez diren lagunak ere badaudela zehazteko? Hara, urteak dira haiekin hitz batzuk partekatzeko aukerarik ez nuena, eta utzi nituen leku berean aurkitu nituen atzo. Konfiantza berarekin hitz egin ahal izan genuen, sakontasun berarekin jorratu genituen kezka sortzen diguten gaiak, eta agurtzeko tenorean, behar denerako laguntzeko prest geundela erran genion elkarri. Txarrean, deituak izan gabe omen datoz lagunak, eta onean aldiz, deituta. Hala dio ahapaldi zahar batek. Behar duzun garaian eskua luzatzen dizuna eta besarkada eskaintzen dizuna ere, lagun izeneko taldean erraz sartzen da. Entzun nahi duzun hori erraten duena baino, entzun behar duzun hori errateko gai den hura ere, laguna dela erranen nuke bestalde. Lagunak dira lagun, bestela, adjektiboarekin urteko autoaren publizitate bilaka ditzakegulako, Renault Laguna!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo