GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Geltokia

Lekurik tristeenetarikoak iruditu izan zaizkit beti geltokiak. Agian, errealitatezkoekin baino filmetako irudi negartietakoekin lotzen ditudalako gehiago, ez dakit. Kontua da halako batean egon nintzela lehengoan. Autobusak iritsi eta abiatu egiten ziren etengabean. Opor usain honetan, bertaratutako gehientsuenei ez zitzaien itxura batean behintzat atsekaberik atzematen, seguruenik aspaldian pentsatu eta prestatutako bidearen abiapuntua zute- lako leku hura. Abiatu arteko ezinegon hori nabarmen zitzaien euren aurpegietako irribarrearen gogortasunean. Berriz ere etxera bueltan zetoze- nak ere ikus zitezkeen autobus inguruetan, azalaren koloreak eta aurpegiaren nekeak delatatzen zituzten haiek, bai eta haien bila etorritakoen agurrek ere.

Oporren aitzakian bidean abiatu eta iritsitakoen artean baziren, lana tarteko autobus geltokiaren bueltan zebiltzanak: maleta txikia, arropa txukuna, besteek ez bezalako presa eta bidaiariei zelatatzeko modua. Bistakoa zen haiek ez zihoazela kostako herri batera, ez behintzat etzan eta eguzkia hartzeko intentzioarekin.

Talante berberarekin ikusi nuen beste pertsona bat, oporretan zihoazenek baino maleta handiago arrastaka zuela. Alboan ez zuen bidaia lagunik, agurtzera gerturatutako lagun eta senitartekoak baizik. Hura ez zen plazerez abiatzen zen bidaia, bidaiariari eta ingurukoei atzematen zitzaizkien begi larriek halaxe zioten. Filmetan ikusten diren agur irudi negartien antza gehiago hartzen zuen hark. Eta han zegoen bera, zein koloretako bainujantzia hartu zuten elkarri kontatzen ari ziren bi emakumeren ondoan, serio-serio.

Iritsitakoan deitzeko enkargua jasota abiatu zen gaztea. Autobusera igo eta justu-justuan egin zuen agurra leihotik aurrera begira jarri eta autobusaren gurpilak biraka hasi baino lehen. Halakoxeak dira geltokiak, baita bizitzarenak ere. Batzuk bueltan iristen dira, gogo onez ala okerragoaz; eta besteak berriz, abiatu, hala nahi dutelako edo agian beste erremediorik ez dutelako. Hurrena agian desberdin izango da, ordea, plazerez zihoazenek gogo txarrez edo begi larriz begiratuko diete bidaian plazerez abiatzera doazenei, nork daki?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo