GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Zoritxarrez

Horregatik, gizon handi baten atzean ez dago ezer, ezpada bere itzal hauskorra. Gizona eta emakumea parez pare doazelarik arrotz izateari utzi eta bi gizaki baino ez baitira. Oraindik gogora ekarri beharra da larria

Gizon handi baten atzean emakume handi bat dagoela dio topikoak. Ez gizon baten ondoan edo parean emakume handi bat dagoenik. Emakumea, borondate onenarekin bada ere, beti gizonaren atzetik baitabil. Subliminalki gizonaren itzalean bizi da. Inoiz ez parez pare. Jainkoak gizona emakumearen erruagatik egotzi zuen paradisutik eta harrezkeroztik hogei mendetako zama astuna gainetik kendu ezinda dabil.

Zoritxarrez, emakumea da haragitasunaren sinbolorik makurrena. Bekatuaren haragiztatze maltzurrena. Adjektibo ugari idatzi daitezke. Emakumea objektu desiratua da, gizona, subjektu desiratzailea. Eta ez txupinazo garaian bakarrik, baina hor ere argi geratu da emakumearen gorputz haragitua denen eskuetara dagoela, edonork uki dezakeela, emakumea ez baita bere gorputzaren jabe, gizonarena da. Haren begi eta eskuentzat egindako panpina baino ez da, nahieran erabil dezan. Falokraziak emakume guztien jabetza aldarrikatzen baitu beretzat. Bere erara eraiki du munduaren ikuspegi maskulino eta matxista arbuiagarri hau.

Baiki, familiaren, erlijioaren eta estatuaren arau estuetatik pasa ondoren txertatzen gara jendarte izeneko makinaria sozial horretan. Orduan baino ez gara benetan gizaki sexudunak. Libidoa kode sozialen arabera taxuturik eta plazera moral moralizatzailearen irinetan pasa eta gero prest gaude sozialki onartuak izateko. Hori bai, bakoitzak bere rolak dituela. Horrela, emakumeari subordinazioa, obedientzia edo mendekotasuna dagokio, eta gizonari, berriz, agintea, erabakimena, iniziatiba eta abar. Horregatik ematen zaizkio loreak emakumeari eta aginte makilak gizonari. Ez da kasualitatea.

Zoritxarrez, beti egon da arrazoiren bat emakumea azpiratzeko, gutxiesteko edo bigarren mailako egiteko. Hots, madarikatzeko. Debekaturiko sagarra izan zen hastapenean, akelarreak etorri ziren gero eta gaur egun tanga bat nahikoa da probokatzailetzat jo eta emakumea errudun sentiarazteko. Edota, ikusi dugun bezala, festa giroan bularrak erakustea bular horien jabetza guztiena dela pentsatzeko. Mentalitate sexista uste baino sakonago hierarkizaturik eta estrukturaturik dagoen seinale. Jendarte patologiko baten erreakzio primarioenak agerian gelditu baitira.

Osasunaren Mundu Erakundearen azken txostenak dio hiru emakumetik batek genero indarkeria jasango duela munduan. Hotzikara horren aurrean kontziente naiz berdintasuna aldarrikatzea erraza dela. Zailagoa dela praktikatzea. Kontziente naiz gizon izateko eredu bat baino gehiago dagoela eta eredu misogino eta suntsitzailea dela nagusi. Garai batean ezarritako arketipoak hautsi eta maskulinitate berri baten eraikitzen joatea ezinbestekoa dela. Eta kontziente naiz gizaki modura jarrera eta esperientzia ezberdinez osatutako gizon ereduaren ordez bere atributu sozial eta hegemonikoaz osatutako eredua lehenesten dela. Menperatzaile sena duen gizon eredua, hain justu ere.

Horregatik, gizon handi baten atzean ez dago ezer, ezpada bere itzal hauskorra. Gizona eta emakumea parez pare doazelarik arrotz izateari utzi eta bi gizaki baino ez baitira. Oraindik gogora ekarri beharra da larria.

Zoritxarrez diot.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo