UDATE
Bizkor baina lasai dator Lou Topet
Oier Aranzabalek gidatutako Lou Topet laukote zarauztarra estudiotik atera berri da, eta esku artean du bere lehenengo diskoa. Amerikana ukituko folk eta indie doinu lasaiak bildu dituzte eta urrian argitaratuko dute sei kantuz osatutako «Esnatu dira» lana. Alain Urrutiaren diseinua izango du eta Jon Benitoren poemen koaderno batekin osatuko dute.
Ane ARRUTI | ANDOAIN
Zortzi hilabete baino ez dira pasa Lou Topet laukotea elkarrekin lehen akordeak trukatzen hasi zenetik. Oier Aranzabalek gitarra akustikoarekin sortutako kantu batzuk bazituen, eta Malekoiko taberna batean antolatzen ziren jam session-etan ezagutu zituen Oihan Larrañaga (baxua), Unai Martinez (gitarra) eta Ander Zulaika (bateria). Pixkanaka garajean elkartzen hasi -21. zenbakian hain justu- eta, konturatzerako, Andoaingo Garate estudioetan zeuden sei kantuko disko bat grabatzen.
«Oso azkar izan da dena, egia esan», aitortzen du Aranzabalek. Baina gauzak horrela etorri direla dio. Bitartean, kontzertu gutxi batzuk emanak dituzte eta Kutxa Kultur Hirian ere hautatu dituzte. «Sekulako bultzada izan da Kutxa Kultur-en sartzea. Zuzeneko batzuk ekarri dizkigu eta irailean Igeldoko parkean jotzea kristorena da guretzat». The Mary Onettes suediarren telonero gisa ere aritu ziren maiatzean.
Eta grabaketarako orduan, handira jo dute enbidoa. «Nire erabakia izan da», aitortzen du Aranzabalek. «Aukera sortu zitzaigun eta heldu egin diogu. Beste taldeetan ibili garenok badakigu zenbat kostatzen den grabaketa bat aurrera ateratzea, luze joaten da eta nahasketa garaian erotuta bukatzen duzu. Hemen bi astetan diskoa esku artean izango dugu, eta gainera kalitatea ezin da alderatu. Merezi du».
«Esnatu dira»
«Esnatu dira» deituko diote urrian argitaratuko den diskoari. Folk eta amerikana erritmo lasaiak bildu dituzte. Gitarra sotilak eta Zulaikaren perkusiorako abilezia nabarmentzen dira. «Billy Bragg edo Wilco bezalako taldeak asko entzun ditugu», aitortzen du Aranzabalek eta soinu horien bila aritu dira bi astez Martxel Arkarazok gidatuta. Denek batera grabatu dute, Garate estudio puskako goiko gelan, bakoitza albo banatan jarrita.
Sei kantu izango dira guztira, horietatik batek Aranzabalen hitzak ditu, beste batek Amaia Iturriotzenak, beste bat instrumentala da, eta gainerako hirurenak Jon Benitok idatzi ditu. Azken honekin elkarlanean aritu da Aranzabal, testu dezente idatzi ditu Benitok, kantu bihurtu direnak batzuk eta bidean gelditu direnak edo etorkizun batean bilakatu litezkeenak beste batzuk. Lan prozesu hori guztia, Alain Urrutia artista bilbotarraren diseinuarekin, koaderno batean biltzeko asmoa dute, diskoarekin batera. Bestalde, Zarauzko Garoa liburu-dendak biniloa argitaratuko die.