GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Ez gara libre izango

Jon GARMENDIA Idazlea

Lokartu da Leon erregea. Baionak irribarrearen argiak itzali ditu. Eta amaitu dira 2013ko bestak. Orain, biharamuna, emazteak esnatu beharko du gizonak egin dituen barrabaskeriak garbitzera, beti izan da hala, garaiak aldatzen ari direla entzuna du, baina ez du aldaketarik nabaritu berak. Eta badaki Leon ez dela errege bat izan, ez eta lehoi, ez dituelako bere herritarrak eta leinukoak babestu, badaki, nahi duenari beha egonik, petxua erakutsi eta hari joka luzaz jardun duen orangutan bat baino ez dela izan.

Ajeak, karrikak zikin utzi ditu, ez pixa usainarekin soilik, ez barneko lotsak ateratzen dituen edari ustelduen kiratsarekin, karrikak denik eta zabor garbiezinenarekin zikindu dira berriro, emakumeen aurkako sexu erasoekin. Bortxaketa bat larunbata gauez, beste baten saiakera ostegun goizaldean; je, saiakera, hori zer hitz da, zer erran nahi du? Eta horiek dira, salatuak izan direnak, ez nuke jakin nahi zenbat ote diren salatu gabeak.

Baina halakoen berri jakin nahi ez luketenak emakumeak dira, lehen lerroan hura sufritu dutenak, eta bigarrenean denak, oro bat. Ez da posible. Honela ez dago baldintzarik besta egiteko. Eta ez du balio hainbeste jenderen artean halakorik gertatzea normaltzat hartzeak, ezta beste alde batera behatzeak ere jaien ondorioak ematerako garaian. Erasoa jasan duenak bere bizitza baizik ez baitu, bere munduaren mina, bestaren itzalpean bihozgabe batek eragina.

Bestak bertan behera uzteko aski motibo badela iruditzen zait, kontzientziak astindu behar direlako. Bat inon loturik deino, ez garelako libre izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo