PPren tokiko administrazioaren legeari herri bezala erantzutea nahi du EH Bilduk
GARA | IRUÑEA
«Bere edukia oraindik gizartean asko zabaldu ez bada ere, euskal herritarron berezko eskubideak urratzen dituen erreforma da. Era berean, udalerrien, kontzejuen eta kuadrillen egiturak bertan behera iraultzen ditu eta herritarrongandik hurbilen dagoen instituzioen egunerokoa goitik behera aldatu eta baldintzatuko du. Europatik datozkion agindu neoliberalei jarraikiz, hezkuntza, osasungintza eta gizarte politika eskuduntzak kendu nahi dizkie Gobernuek udalei, izaera soziala indartzen dizkietenak, alegia». Hitz gogor hauek erabili zituzten EH Bilduko kideek Gobernu espainolak tokiko administrazioa erreformatzeko joan den ostiralean aurkeztu zuen egitasmoa baloratzeko orduan.
Miren Aranoa parlamentari eta Eguesibarreko zinegotziak, Xabier Lasa parlamentari eta Berriozarreko alkateak eta Pello Gastearena Atarrabiako alkateak agerraldia egin zuten atzo Iruñean EH Bilduren izenean.
Krisi ekonomikoa eta gastuak murriztearen beharra aitzakiatzat hartuta, «PPk alkateen eta udaletako kargu liberatuetara desbideratu nahi izan du herritarren arreta, baina egiazko azken helburua bestelakoa da: egitura instituzional guztia gehien dutenen interesen mendera jartzea da, eta, era berean, boterea Madrilen zentralizatzea», esan zuten.
«EH Bildutik beti defendatu dugu gehiegizko soldaten jaitsiera eta udal politikaren gehiegizko `profesionalizazioarekin' amaitu behar dela, udalak ezin direlako inor aberasteko edo karguan iraunkorki geratzeko eremu bilakatu. Baina lege honen benetako asmoa ez da hori. 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak erabat baldintzatzen ditu, adibidez, 5.000tik beherakoak praktikan interbenituak eta desagertzeko zorian kokatzen ditu eta, azkenik, udalerriz azpiko tokiko entitateak, kontzejuak, herriak eta abar desagertarazi egiten ditu», gaineratu zuten, eta jarraian salatu zuten beste behin Madrilen interesen araberako lege bat Hego Euskal Herriak bere egitura instituzionala eta administrazioa antolatzeko duen eskumenen gainetik pasatzen saiatzen ari direla.
Udalgintzan, herri harresia
Eraso berri honen aurrean, udalgintzan ere herri harresia antolatzearen beharra nabarmendu zuten. Alderdiek, sindikatuek, instituzioek, herri-eragileek eta herritarrek osatu beharko dute harresi hau, EH Bilduren ustez.
Ildo honetan, Hego Euskal Herriko udal gehienetan, batzar nagusietan eta Iruñea eta Gasteizko parlamentuetan PPren egitasmoaren aurka azaltzeko gisa guztietako mozioak eta adierazpenak bozkatu direla gogoratu zuten.
PPren egitasmoa Kongresu eta Senatuan eztabaidatu behar dela eta prozesu horrek hilabeteak iraungo dituela azaldu zuten. Dei zuzena egin zieten Euskal Herriko indar politiko, sindikal zein eragile guztiei eta eremu guztietako instituzio guztiei elkarlanean aritzeko eta herri bezala inposiziotzat jo zuten erabaki horren aurrean erantzuteko.