GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Erasoak eta borrokak, baina giro ona ere bai Baionako bestetan

Festetako lau egunetan oro har giro ona nagusitu bada ere, jazoera larriak izan dira. Sexu eraso baten, bortxaketa baten eta bi zauritu larriren berri eman zuen suprefetak. Laborarien Xokoak arrakasta itzela izan du, batez ere, %100 euskal burgerrak.

p042_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Herriko Etxeak gaur egingo duen bilanaren atariko, atzo Patrick Dallennes suprefetak berari dagokion arlokoa, hots, «segurtasunarena» jakinarazi zuen.

Estatuko ordezkariaren arabera, balorazioa «nahiko positiboa da, bestetara jiten den jendetza kontuan hartuta, gertakizun larriak ez baitira asko izan. Alabaina, dena ondo joan denik ezin dut esan», adierazi zuen sexu-eraso baten eta bortxaketa baten berri ofizialki eman aitzin.

Lehena, asteazkenetik ostegunerako gauean jazo zen. Gizonezko batek ukitu sexualak egin zizkion neska gazte bati, baina biktimak jaurtitako oihuei esker jendea erakarri zuen eta erasotzaileak ihes egin zuen.

Bestea, larunbateko ordu txikietan gertatu zen Santespiritu auzoan. Tren-geltoki inguruko karrika batean, kuter batekin mehatxatuta, gizonezko batek 46 urteko emakume bat bortxatu egin zuen. Bi kasuak ikertzen ari direla esan zuen suprefetak.

EH Bilduk «indarkeria sexistaren kasuok» salatu zituen eta «emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunean oinarritutako jendarte eredu berriranzko» bidean indarkeria sexistaren aurrean «zero tolerantzia» izatera dei egin zuen.

Bi zauritu larri

Bestalde, bi gazte larriki zaurituak suertatu dira 2013ko jaien edizioan. Bata, argiteriako farola batetik erorita eta bestea borroka baten ondorioz. Biak ala biak ospitalean daude, kaskezurreko traumatismoarekin.

Borroketan ere labankadaz zauritutako beste bi pertsona zaindu dituzte osasun zerbitzuek, oro har artatu dituzten 1.800 lagunen artean.

Suprefetak gaineratu zuenez, aurten salaketak zerbait emendatu egin dira, batez ere, lapurretengatik. «153 salaketa jaso dituzte epaitegian, iaz baino hamar gehiago». Kasu horiekin lotuta, «51 pertsona inputatuta eta 26 atxilotuta daude», esan zuen. Jazoera aipagarri horiez aparte, besta giroa ona izan da Baionako bestetan. Azken urteetako joerari jarraiki, eguneko ekitaldietan jendearen parte hartzea kontsolidatu egin da.

Laborariak pozik

ELBko laborariak, berriz, biziki pozik daude. Festen lau egunetan estreinakoz jarri duten Laborarien Xokoan, bertako kalitatezko mozkinekin egindako jakien salmenta oso arrakastatsua izan dela esan zuen atzo Panpi Sainte-Mariek. %100 euskal burgerrak izandako harrera ona nabarmendu zuen, bereziki. 3.000 saldu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo