GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Niko Etxart, estropadak eta pilota, Bilboko Aste Nagusiko eskaintza nabarmenak, euskal kulturarekin lotutako egitarauan

GARA | GASTEIZ

Euskal Herriko herri kirolek eta folkloreak toki berezia izango dute Aste Nagusian, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Izan ere, berrogei jardunaldi baino gehiago antolatu dituzte, besteak beste, txistulariak, bertsolariak (hala nola Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga), euskal dantzak eta herri kirolak. Ekitaldiok aurtengo egitarauari «marka bereizgarria» emango dietela nabarmendu dute.

Aurtengo Txistularien Alardeko gonbidatu berezia Niko Etxart izango da, Plaza Barrian abuztuaren 25ean, igandean, emango duten kontzertuan.

Kirola barra-barra

Kirolari dagokionez, Bilboko Hiribildua Traineruen Estropadak eta Aste Nagusiko Pilota Txapelketa nabarmentzen dira eskaintza zabalean.

Bigarren hau, Esperanza frontoian jokatuko da, 18tik 25era, goizeko hamaiketan. Bizkaiko pilotalekuan, eskupilota zein pala txapelketa profesionalak izango dira; eta Club Deportivo frontoian, zesta-puntako profesionala. Horrez gain, herri kiroletako emanaldi eta txapelketak izango dira Areatzan, hilaren 21etik 24era. Hasierako ekitaldia artzain txakurren erakustaldia izango da, abuztuaren 21ean, asteazkena, 11.00etan. Ondoren, emakumezkoen trontza erakustaldia izango da. Horiez gain, txingetan txapelduna den Oskar Perez eta Ousmane Dramé txapeldunordea norgehiagokan arituko dira pasealekuan.

Abuztuaren 22an, osteguna, Iñaki Perurena eta Juan Jose Unanue Goenatxo harri-jasotzaileek erakustaldia egingo dute, eta Urrezko Aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko da.

Hurrengo egunean, ostirala, idi demak eta gizon probak izango dira nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo