UDATE
Artistikoki gailurra jota bukatu da historiako Jazzaldirik jendetsuena
Anartz BILBAO | DONOSTIA
Guztira 155.500 laguneko entzule saldoa. Bukatu berri den Jazzaldia historiako jendetsuena izan da, 2008koa gaindituz; orduan sei egunetan 150.000 entzule izan ziren. Hurbilen dugun jaialdiarekin alderatuta, kopuru orokorrean kasik heren batean egin du gora jaialdiak. Batez bestekoan, entzuleria orokorraren %90 doaneko eskaintzak batu du (Kursaal eta Zurriola bueltan), eta beste %10a berriz, ordaindu beharreko zuzenekoek. «Urtero izaten da horrela gutxi gorabehera», Martinen berbatan. «Sarrera salmentan iazko kopuruen gainetik ibili gara, baina BEZ kontuak direla-eta, diru sarrerak ez dira handitu».
Zifrak zifra, Jazzaldiak izan duen maila artistikoa goraipatu nahi izan zuen zuzendariak, beste ezeren gainetik, «sekulakoa izan baita» -eta kontuan hartu bost egunetik lautan euria bota duela- «Masadak, esaterako, piztua zuen jakin-mina txiki utzi zuen. Teknikoki (soinuz eta) bikaina izan zen, eta artistikoki, askoren ustez inoiz izan den Maratoirik bikainena. Ikustekoa zen bukatzean artisten artean ziren besarkadak eta euforia giroa. Esfortzu handia izan da, baina merezi izan du» John Zorn Donostiara ekarri izana, gainera nazioarteko oihartzuna izango du emanaldiak, mundu osoko zale eta kazetariak baitziren bertan.
Aparte, jazz legendak (Pharoah Sanders eta Lee Konitz) zein etorkizunekoak izan dira Donostian (Vijay Iyer, Hiromi...), «eta agertoki berdeko artistek ere harritu egin gaituzte; !!! taldeak kasu; dena eman zuten», Martinen aburuz. «Azkenean, euria egin izana ere freskagarritzat hartu beharko dugu!».
Beraz, musika zale guztiak asetzerik bada? «Gure ardura guztiengana heltzea da, eta badirudi baietz, posible dela denak gogobetetzea. Etorkizunean ere jarraituko dugu jazz erraldoiak zein indie taldeak programatzen, hau baita Donostiak nahi duen jaialdia».
49. Jazzaldia datorren uztailaren 23tik 27ra izango da. Izenen bat aurreratzeko eskatu arren, jaialdiko zuzendariak ez zuen ezer argitu. «Edizio bakoitza lehena dugu guk, eta bai, hasiak gara hurrengo urtekoa prestatzen».
Balorazioa bukatuta, Martinek kontu-kontari jarraitu zuen: Belle & Sebastianeko kantari bat sendagilearengana eraman behar izan omen zuten, gastroenteritisak jota zela-eta, «baina oholtzaratu eta kantatu zuen». Bere aldetik, Pharoah Sandersek, jakizu zergatik, sekulako haserrea ei zuen taularatu baino lehen. «Hamar minutu inguru eman zituen bueltak ematen, eta jo zezan konbentzitu genuenean, aurreikusita ez zuen kanta luze-luze batez ekin zion». Oso izaera berezia bide du jazz erraldoiak; «makina bat urtez saiatu gara Donostian jo zezan eta aurten arte ezin».
Bitxikeriak
Nortasun handikoa ei da John Zorn ere, «berezia eta bere maila doian ezagutzekoa. Eskatutakoa ematen ez badiozu bereak eta bi botako dizkizu, zaude ziur!». Newyorktarraren Masada Maratoiak sekulako jakin-mina eragin zuen eta... zuzendariak berak ere, Kursaalen berarentzako gordeta zituen besaulkietan «bi emakume aurkitu nituen jesarrita. Eta ez zuten Zornen zaleak izateko itxurarik gero!». Bitxikeriekin jarraituta, beste izar distiratsu bat ere, Elvis Costello, Kursaalen zen igandean, bere emazte Diana Krall-en jardunari adi. «Zergatik ez zuten zerbait jo elkarrekin?, ze pena», entzuten da inguruan. Jazzaldian bizi izandako une magikoez txunditurik da, oraindik ere, entzuleria.
Martinekin batera, Nerea Txapartegi Donostiako Kultura arduradunak eta Juan Karlos Izagirre alkateak hartu zuten parte agerpenean. Azken hau pozik zen, «puntako artistak, emanaldi bikainak eta erantzuna ere parekoa» izan delako. «Une hunkigarriak izan dituen edizio bikaina izan da aurtengoa, ahaztezina; kopurutan Europako jazz jaialdirik handienetarikoa bihurtu da Donostiakoa».
Txapartegik bere aldetik, bertako taldeen presentzia goratu nahi izan zuen, 33 euskal talde, «artista bikainak hauek ere»; baita emakumeek jaialdian izan duten ahotsa ere. Diana Krall, China Moses, Buika, You Sun Nah, Hiromi edo Silvia Perez Cruz, «zorionez gero eta gehiago dira». Aparte, aurtengo bi ekimen berriak azpimarratu nahi izan zituen, jaialdia sostengagarri egiteko sortua bata, Txikijazz bestea.
«Umeen gune berriak arrakasta izan du (2.300 partaide), gurasoak eta haurrak pozik agertu dira», azaldu zuen. Gero Martinek ekimenak egonkortu eta hazi beharra zuela gaineratu zuen: «Etorkizunean sekzio garrantzitsua izango da».