GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabi Duhalde | Lekuine

Suprefetari gutuna

Denboraldi hau bi maneratan iragaiten ahal duzu. Lurralde hunek ezagutzen duen gatazka politikoari aterabideak atxemaiteko gizona izatea, ala itsu eta mutu izaitea administrazioko teknikari huts bezala

Suprefeta jauna, «Han vuelto a sonar campanadas a la muerte», zioen 1986. urtean Kortatu taldeak kaleratutako «El estado de las cosas» diskoaren «Hotel Monbar» kantuan. Kantu huntan, Baionako Pannecau karrikako Hotel Monbar izeneko ostatuan izandako GAL taldearen ekintza aipatzen zen, lau euskal errefuxiatu politiko gorputz utzi zituena.

80ko hamarkadan gisa bereko ekintza andana izan zen, 27 hil eta kolpatuak utzi zituen, ene iduriz Ipar Euskal Herriaren historian urte beltzenak...

Urte bereetan, enfrentamendu armatu zein ekintzetan hainbat militante hil ziren Didier, Christophe, Maddi... batzuk aipatu arren.

Berri gehiagorik izan gabe Popo Larre desagertu zen.

Oraino berrikitan, Jon Anza militantearen heriotzaren inguruko erantzun gabeko galderak, edo Pariseko inguruetan ETA erakundearekin izan enfrentamendu armatuan hil zen jendarmearen kasua...

Gertakari guzi hauek «Frantses Errepublika subiranoa» lurraldearen baitan iragan dira suprefeta jauna.

Duela gutti, euskaraz ari diren komunikabideetan eman duzun elkarrizketa sakonean, Frantziaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka politikorik ez dagoela azpimarratu duzu... gatazka politikoa konpontzeko ideki bidean, Frantzia Estatuaren parte hartzea ekiditeko egin deklarazioak hain segur ere.

Barkatuko didazu, suprefeta jauna, bainan lehen lerroan hartu gertakarien sortak guztiz kontrakoa erakusten dute; Euskal Herriaren eta Frantses Estatuaren arteko gatazka politikoa oinarri zuen borroka armatuak hetsi gabeko zauri ainitz utzi ditu.

Denbora berean gatazka politikorik ez baldin bada, nola ulertu:

Frantses kartzeletan gakoturik diren 150 bat euskal militante izaitea?

Laborantxa Ganberaren sortzea oztopatzeko Frantses Estatuak erabili dituen bide judizial guziak?

«Frantses nazionalitatea» duten herritarren kontrako euroaginduen baieztapenak espainol kartzeletan gakotzeko?

Frantses Asanblada nazionalean, Ipar Euskal Herriaren lehen ezagupen instituzionala bermatuko zuen emendakinaren inguruan iragan berri diren eztabaida iraingarriak?

Suprefeta jauna, uste dut egin dituzun deklarazioetan zuk zeuk ere ez duzula sinesten. Konbentzitua naiz, zu bezalako kargua betetzen duena intelektualki aski jantzia dela hemen gertatu/tzen dena ongi ulertzeko.

Badakizu ere, gu bezala, zure izendapenaren eguna geroztik hemen pasako duzun denbora mugatua duzula.

Horregaitik, denboraldi hau bi maneratan iragaiten ahal duzu. Lehena, lurralde hunek ezagutzen duen gatazka politikoari aterabideak atxemaiteko gizona izaitea; gure geroa libreki jorratzeko galdegiten ditugun tresnen eskuratzeko laguntzaile/bitartekari gizona izaitea, eta gatazka armatuak utzi dituen zauri guzien sendatze bideen idekitzaile gizona izaitea.

Bigarrena, ongi ezagutzen duzun errealitate hunen aitzinean itsu eta mutu izaitea, zure rola administrazioko teknikari hutsa bezala kontsideratuz.

Orain arte egin urratsak ikusita, bigarren bidea hartu duzun sentsazioa dut... baina lehen bidearen hautua egiten baduzu, konbentzitua naiz lurralde hunen jendartearen laguntza izanen duzula, baita hautetsi gehienena (diputatu eta senatariak barne) ere.

Hautu ona eginen duzun esperantzarekin, har itzazu, jaun suprefeta, nire agurrik beroenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo